argia.eus
INPRIMATU
Enarak beti itzultzen dira
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko urriaren 02a
Enarak, mugaz bestaldetik neguan Mauleko espartin lantegietara lanera joaten ziren emakumeak, Pierre Cherberoren lantegian. 1892an Zaraitzuko zortzi emakume itzulerako bidean hil omen ziren. Argazkia: Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkartea
Enarak, mugaz bestaldetik neguan Mauleko espartin lantegietara lanera joaten ziren emakumeak, Pierre Cherberoren lantegian. 1892an Zaraitzuko zortzi emakume itzulerako bidean hil omen ziren. Argazkia: Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkartea

Maule, 1892. Zaraitzu ibarreko zortzi emakume espartingile Zuberoako hiriburutik etxera abiatu ziren, baina bidean, Larrainen, elurteak harrapatuta, hotzak hil omen zituen denak. Zortzietatik zazpiren izenak iritsi zaizkigu: Felicia Juanko, Felipce Landa, Dolores Arbe, Justa Larrea, Felipa Garcia, Agapita Siron eta Francisca Narbaiz.

Zortzi neska haiek “enarak” edo “ainarak” ziren, Erronkaribar, Zaraitzu eta Aragoiko Ansó ibarretako emakume gazteak, 1850 eta 1930 bitartean, urtero Pirinioen alde batetik besterako bidea egiten zutenak, negua Mauleko eta inguruko espartin fabriketan lanean emateko. Enarak bezala, udazkenean abiatzen ziren, urrian, eta udaberrian, maiatza aldean itzultzen ziren etxera.

Baina zortzi neska hauek negu betean ahalegindu omen ziren etxerako bidea egiten, eta ez omen zuten lortu helburua. Mugaz alde bietako prentsak gertatutakoaren berri jaso zuen. Escualduna aldizkariak, 1892ko otsailaren 2an, horrela azaldu zuen zorigaitza:

Azken aro gaitz eta elhurtian, Larrañetik aitzinachago agitu da malur bat handia. Neskanegun goian goizik, zortzi neskatila gazte españoulak phartitu die Maouletik bere paketak buian eta alegrantzia bihotzian, etcheat joaiten beizien, Españalat”. Baina bidean elurteak harrapatu omen zituen: “Haimbestenaeki elhurra hasten da kuruchela, sekula nihourk ikhousi eztien bezala; haimbeste nun oren baten barnen bortz zehe beitzen. Han beian arrestatuik izan dira neskatilak ez aitzina, ez gibel egin ahalez. Hotzak hartu ditu, eta hil die. Heietarik seien korpitzak edien tie, karountatuik. Bena beste biak zer egin dira? Gaicho neskatilak!”.

Duela laupabost urte Zaraitzuko Batzordeko presidente Gustavo Goienak, Jone Villanuevak, Ritxi Lizartzak eta beste batzuek, kasuari buruzko albisteak irakurri ondoren, gaia sakonago ikertzea erabaki zuten. Ahalegin horretan beste hainbaten laguntza izan zuten: Patxi Iriarte, Xabier Diaz, Elena Gusano, Dominique Hastoy, Joël Larroque… Baina, alferrik. Nesken jatorrizko herriak zein ziren ere ez zuten jakitea lortu.

Baina konturatu ziren iturri gehienek ez zutela zalantzan jartzen garaiko prentsan jaso zutena, egiatzat jotzen zutela zortzi enaren heriotza. Gainera, gertakaria Axuri Beltza dantzaren jatorriarekin lotzen zela ere ikusi zuten: neskak eskutik helduta hasten dira dantzan, elkarri helduta hotzez hil ziren enarak irudikatuz. Koreografiaren sortzaile Jose Antonio Urbeltzengana jo zuten horregatik galdezka, baina hark esan zien inolako loturarik ez zegoela.

Egia da hasieran zortziak hiltzat jo zituztela, baina denek beren jatorrizko herrietara onik itzultzea lortu zuten. Mauletik irten eta, bidean zirela, beste pertsona bat hil zen Larraine inguruan. Datuak nahastu eta albiste traumatikoa ziztu bizian hedatu zen

Egia Le Réveil Basque-n

Azkenean, aurtengo martxoan, Ritxi Lizartzak Le Réveil Basque astekari elebiduneko albiste bat aurkitu zuen ordurarteko usteak gezurtatu zituena. Egia da hasieran zortziak hiltzat jo zituztela, baina denek beren jatorrizko herrietara onik itzultzea lortu zuten. Mauletik irten eta, bidean zirela, beste pertsona bat hil zen Larraine inguruan. Datuak nahastu eta albiste traumatikoa ziztu bizian hedatu zen.

Ikerlariek enaretako batzuen jatorria ere aurkitu dute: Agapita Siron Itzaltzukoa zen, Felipce Landa Espartzakoa, eta Dolores Arbe, Justa Larrea eta Felipa Garcia Otsagabiakoak. Aurkitutakoaren berri Nafar Pirinioetako Mendixut aldizkariko abuztuko alean eman dute, eta oraindik ere zer ikertua badutela nabarmentzeaz gain, honako hausnarketa egin dute: “Guztiz zilegi da, eta beharrezkoa ere, gertakizun eta istorio batzuk dramatizatzea, idealizatzea edo poetizatzea, komunitate bati izaera emateko. Baina beti kontziente izanik istorio horietatik zein dauden benetako gertakizunetan oinarrituta”.

Zortzi enarekin gertatutakoak garbi uzten du fake news-ak ez direla gaurko kontua eta, bereziki, emakumeen zaurgarritasuna agerian uzten duten zorigaiztoko kasuak erraztasun handiz hedatzen direla.