Directa-ren ikerketa batetik abiatuta ezagutu dugu iruzurra. Bartzelonan egiten ari den belako Amerika Koparen antolatzaileek argitaratutako audientzia eta bisitari kopuruak faltsuak dira. Gaia garrantzi sozial eta politiko nabarmena izaten ari da, faltsututako datu horiek izan baitira argudio nagusia 60 milioi euro publiko emateko ekitaldia bultzatzen duten handikiei. Aldi berean, onura eta salbuespen fiskalekin ere saritu dituzte, Espainiako Gobernuaren dekretu baten ondorioz –Yolanda Díazek sinatua–; izan ere, Amerika Kopari Interes Publiko Bereziko Ekitaldi kategoria eman dio dekretu horrek.
Gauza bat argi utzi behar da. Kontua ez da hitzordua porrot egiten ari dela, baizik eta hasiera-hasieratik aurrez pentsatutako iruzur baten aurrean gaudela. Aurreko edizioetan Aucklanden (Zeelanda Berria), Hamiltonen (Bermuda uharteak), San Frantziskon (AEBak) eta Valentzian (Herrialde Katalanak) izandako eragin ekonomikoari buruzko txostenak begiratu besterik ez zen egin behar. Elefantea gelaren erdian zegoen zero minututik, baina inork ez zuen hitz egin nahi, deserosotasun politikoagatik, interes ekonomikoengatik edo kontratuz isilarazita daudelako. Bereziki paper lotsagarria jokatu dute TV3-k, Catalunya Radiok eta Betevé-k. Komunikabide horiek Kataluniako Generalitatearen eta Bartzelonako Udalaren kontrolpean daude, eta instituzio horiek agindua eman zuten estropadetako jaunen interes informatiboetara makurtzeko. Kataluniako Kazetarien Sindikatuak adierazpen deontologiko bat egin behar izan du, goikoen inposaketagatik "prime time"-ean egiatzat saldu diren informazio guztiak zuzentzeko.
Zer gertatuko zen Amerika Kopak "lankidetza-hitzarmenak" Kataluniako komunikabide guztiekin sinatu izan balitu? Egia ezkutatuko zen diruaren truke
2007an eta 2010ean Valentzia hirian gertatu zen bezala, lehenago edo geroago egia ezagutzen da, baina Bartzelonaren kasuan kazetariak unean bertan ari dira egia ezagutarazten, urriaren 10erako aurreikusten den amaiera estropadako inaugurazio-ekitaldia oraindik egin ez denean. Amerika Koparik Ez plataformak, 150 eragilek osatuak (auzo, gizarte, politika eta kultura arlokoak), hilabeteak zeramatzan irregulartasunak eta gardentasunik eza salatzen, baina hondarrezko gaztelua birrindu ahala, ahots kritikoak areagotu egin dira kulturatik (Ginestà, Ludwig Band eta Maria Jaume-ren kontzertuetan, La Mercè jaietan) eta oraindik lanbidean sinesten duten kazetarien aldetik.
Aldatu egin da herritarren pertzepzioa planetako gizonik aberatsenetako seik antolatutako ekitaldi elitista honekiko. Eta hori posible izan da gobernuaren eta elite ekonomikoen kontroletik kanpo dauden komunikabide kooperatiboen independentzia editorialari esker soilik.
Zer gertatuko zen Amerika Kopak "lankidetza-hitzarmenak" Kataluniako komunikabide guztiekin sinatu izan balitu? Kazetari bakar batek ere ezin izango zituzkeen beharrezko orduak eman iragartzen ari ziren datuen faltsutasuna ikertzen, nagusiek ez zioketen utziko. Emaitza: egia ezkutatuko zen diruaren truke. Horregatik da hain garrantzitsua kazetaritza independentea babestea, ez bakarrik sare sozialetan eta hitzez. Directa, ARGIA, La Marea edo El Saltoko erredakzioek harpidedunak behar dituzte independentzia editoriala bermatzeko. Komunikabideen finantzaketan, harpidetza berri bakoitzak laguntzen du dirulaguntzekiko eta iragarleekiko mendekotasuna murrizten. Egiazko eta kalitatezko informazioarekiko konpromiso kolektiboa behar da.