New York, 1870eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen hauteskunde egunean. Eta, gainera, AEBetako presidente izateko lehen emakumezko hautagaia izan zen. Hautagai izateko eskubidea zeukan, bozkatzeko aukerarik ez, ordea. AEBetan emakumeek mende erdi geroago lortuko zuten boto eskubidea.
Eskubide horren alde, AEBetako kongresuko batzorde batean hitz egin zuen lehen emakumea ere izan zen. 1871ko urtarrilaren 11n izan zen hori. Woodhullek esan zuen emakumeek boto eskubidea lor zezaten ez zela beharrezko konstituzioa aldatzea edo zuzenketarik sartzea, jatorrizko testuak berak jasota zeukala, ondo interpretatuz gero. Kongresukideak ez zituen konbentzitu, baina mugimendu sufragistaren hainbat buruzagi bai. Gainera, sufragisten mugimenduan profil berezia zen Woodhullena; sufragista gehienak goi burgesiakoak ziren eta Victoria, aldiz, pobreziatik zetorren.
Hamar anai-arreben artean zazpigarrena, aita iruzurgilearengandik tratu txarrak jaso zituen eta txikitatik igarle, petrikilo eta predikari moduan lan egitera behartu zuen; publikoan hitz egiteko trebezia lortu zuen behintzat.
Woodhullek esan zuen emakumeek boto eskubidea lor zezaten ez zela beharrezko konstituzioa aldatzea edo zuzenketarik sartzea, jatorrizko testuak berak jasota zeukala, ondo interpretatuz gero. Kongresukideak ez zituen konbentzitu, baina mugimendu sufragistaren hainbat buruzagi bai
Bi ezkontza, hainbat seme-alaba, eta lan prekario mordoa geroago, 28 urte besterik ez zituela, New Yorkera joan zen Tennessee Claflin ahizparekin batera. Eta hor ere aitzindari izan zen. Biak Wall Streeteko lehen emakume brokerrak izan ziren eta berehalako arrakasta lortu zuten, nagusiki emakumezko inbertitzaileen eskutik. Bildutako dirutza, besteak beste, Woodhull and Claflin's Weekly aldizkaria sortzeko erabili zuten.
Maitasun librearen defendatzaile sutsua ere izan zen. 1871ko azaroan, New Yorkeko Stainway Hallen “maitale librea naiz!” aldarrikatu zuen 3.000 entzuleren aurrean, txistuen –eta txalo gutxi batzuen– artean. Burtsako arrakastak eragindako mesfidantzari eskandalua gehitu zitzaion orduan. Eta astekarian argitaratzen zituen edukiek kritikak hauspotu zituzten. 1972an Henry Ward Beecher reberendo ezagunaren aurkako artikulu bat argitaratu zuten eta Beecherrek eduki lizuna argitaratzegatik salatu zituen. Bi ahizpak atxilotu zituzten eta hilabetea eman zuten espetxean. Hauteskunde eguna ere giltzapean igaro zuten. Oso boto gutxi lortu zituen Woodhullek.
Beste bitan ere saiatuko zen presidentetzara iristen. Alferrik. Eta sufragistek ere bizkar eman zioten, “bere anbizio politiko pertsonala lehenesteagatik”. 1880an mugimendu sufragistari buruzko lehen liburuetako batean, ekintzaileen zerrenda luzea jaso arren, Victoria Woodhullen izenik ez zuten aipatu ere egin.