argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Ezin dute euskara ikasi
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko irailaren 25

Ama da, Perukoa, eta ezingo luke euskara zerotik ikasten doan hasi, egunkarietan irakurri dugun moduan (gezurra zen): hemen agian bai, gurean udalak bermatzen duelako eskubide hori (Hernani). Etortzen bazait ikasturtea amaitutakoan (etorri zaizkidan moduan), alabarekin udan zer egin dezakeen galdezka, eskolan nahiko ondo ibili arren,  andereñoak esan diolako oporretan euskara galtzeko arriskua duela, eta ikasten jarraitu nahi duelako, erantzun beharko diot...

Marokotik iritsi eta pare bat hilabetera etortzen bazaizkit ama-umea zer egin dezaketen galdezka, institutuan hasiko delako eta euskaraz jakin ezean ez duelako ezer ulertuko, erantzun beharko diot...

Udan (udalari esker, ez ezer planifikaturik dagoelako Euskal Herrian) euskaraz nolabait ikasten aritutako ikaslea trenean topatzen badut Hondurastik iritsi eta zazpi hilabetera, eta galdetzen badiot zer moduz institutuan, ea zerbait ulertzen duen, nola egiten dituen azterketak, erantzungo dit ezetz, ez duela ezer ulertzen, baina, tira, batzuetan azterketak gaztelaniaz egiten uzteko “mesedea” egiten diotela. Eta hizketan ari garela, galdetzen badit non ikas dezakeen euskaraz, erantzun beharko diot...

Erantzun beharko diet ezin dutela ikasi, ez dagoela ezer beraientzat, eta arbelaren aurrean norbait hizketan ikusten badute, helduren bat, begiratzeko adi, eta egiteko baietz-baietz buruarekin. Eta arbelaren aurrean dagoena kontzientziazio hitzaldi bat ematen ari bazaie (dibersin, pentsatzen dut) euskara ikastearen beharraz eta garrantziaz, hizkuntza gutxituak gora eta behera (mundu zabaleko euskal etxeetan euskaraz gain entzuten diren horiek, ez?), jasotzeko besoa, eta esateko hizlariari kontuz ibiltzeko, agian guztiz kontzientzia daitekeela, eta euskara ikasi nahiko duela, behar duelako, eta ea beharrak eskubide ez ote diren, ez ote den norbait bere eskubidea urratzen ari. Galde dezala, eta galdetzen diet nik ere hor goikoei, hauteskunde kanpainak behekoak inoiz ikusi gabe egiten dituztenei: kontzientziatuta gaude, orain zer? Ezin dute euskaraz ikasi.

Utzi jendea kontzientziatzeari, jarri baliabideak.