Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Esaldi hori iltzaturik geratu zitzaidan Gorka Urbizuren diskoa osorik eta patxadaz entzun nuenean. Uste nuen aurkikuntza itzela egin nuela identifikazio horrekin, inozentea ni! Gerora ohartu naiz, merchandising-erako leloa izateaz gain, jendartean makina bat hausnarketarako parada eman duen altxor paregabea ere badela. Norberak izan ditzakeen zailtasunen edota arazoen aurrean, Urbizuren hitzek aldaketarako bideak egon daitezkeela iradoki didate, itxaropenaren atea zabalik dagoela, alegia.
Mundu globalean nozitzen ari garen aldaketa konplexua BANI (ingelesezko brittle, anxious, nonlinear eta incomprehensible hitzen laburdura) paradigma gisa definitu zuen Jamais Cascio ikertzaile estatubatuarrak; hots, hauskorra, presaz dabilena, ez lineala, eta ulergaitza den mundu baten gisan. Egoera horrek, norbanakoongan hamaika eragin izan ditzake, zalantzarik gabe. Ez da harritzekoa, beraz, zaurgarri, galduta, noraezean, eta hainbatetan gustura bizitzeko alternatiba garbirik ez ikustea. Hori gutxi balitz bezala, propagandaren industria masiboa pertsonak banatzera zuzenduta dago, kontsumo indibidualera bultzatzen du. Nolabait, munduaren binomioa zu eta zure mugikorra, zu eta zure saltoki handia, zu eta zure telebista izango balira bezala. Sistema hegemoniko globalak ez ditu langile antolatuak nahi, ez du berdinen arteko elkarketarik nahi. Aitzitik, banatuta nahi gaitu, gauzak horrela direla etsita.
Zientziatik atera ohi diren ondorioetatik distantzia askora egon ohi dira erabaki politiko asko. Eta aldi berean, erabaki horietatik hainbat eta hainbat, merkatuaren interesen pean
Hausnarketa hauei guztiei jarraituz, Noam Chomsky eta Pepe Mujicaren arteko elkarrizketa hezurmamitzen duen liburuarekin topo egin nuen. Akademiko estatubatuarra da bata, politikari uruguaitar ezaguna bestea, ezkertiar eta aktibistak biak. XXI. mendean bizirauteko hausnarketak biltzen dituen harribitxia aurkezten du 2012ko Mexikoko ikasle mugimenduaren fundatzaile izan zen Saúl Alvídrezek. Iraganeko eta egungo erresistentziez ari dira, iraganeko porrot eta lorpenez, eta baita etorkizunean beharko ditugunez ere. Horien artean, bada hamaika pasadizo eta ideia josten dituen bat: elkarlanaren aldeko eta berekoikeriaren kontrako gatazka kulturalaren beharra, hain zuzen ere. Horrek ezkerreko planteamenduen berrikuspena eskatzen duela diote. Nolabait, historikoki nostalgiara jotzeko tendentzia duen ezkerrak, etorkizuneko erronkak epe luzera begiratu eta ekiteko beharra, porroterako beldurrik gabe.
Ziur naiz, emakumeon bozkatzeko eskubidea lehen aldiz aldarrikatu zutenek hainbatetan entzungo zutela diskurtso bera: gauzak horrela dira. Baita herritar afroamerikarrek euren eskubide zibilen aldeko mugimendua indartu zutenean ere. Ezagunak diren adibideez gain, txikitik erresistentzian dauden bestelakoen zerrenda luzea bezain zabala da; baita gurean ere. Pribilegioduna beti izango da aldaketarekiko zurruna, beti izango du immobilismorako diskurtso landua. Pribilegioaren beste aldean dagoenaren lana izango da aldaezina omen denaren diskurtsoa deseraikitzea. Eta hori, ezbairik gabe, jardunbide kolektiboa izango da.
Liburuan hainbatetan azpimarratzen den gisan, zientziatik atera ohi diren ondorioetatik distantzia askora egon ohi dira erabaki politiko asko. Eta aldi berean, erabaki horietatik hainbat eta hainbat, merkatuaren interesen pean. Zentzu horretan, gizarte informatu eta konprometitua elkartu eta martxan jartzeko deia hainbatetan errepikatzen da. Maiz, aldatu ezin diren gauzetan ari garela esango digute, utopiez beteta dugula burua. Baina geure aurretik bidea ireki diguten erreferenteek esango liguketen bezala, ez ditzagun pentsamendu askeak besteen mugekin giltzapetu.