argia.eus
INPRIMATU
Noiz ospatuko dugu gurea?
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2024ko irailaren 20a

Putzua
Goiatz Labandibar
Erein, 2024

----------------------------------------------------------

Goiatz Labandibarren Putzua egun batean gertatzen den hazkunde nobela bat da: hilekoa jaisteak markatzen duena, hain zuzen ere. Edo bestela esanda, heroiaren bidaia bat, zergatik ez.

Nobela mota honetan gertatu ohi den moduan, Laure protagonistaren mundu ezaguna aldatzen duen zerbait gertatu da: hilekoa jeitsi zaio goiz horretan. Laure bakarrik dago etxean eta kuleroak odolduta dituela konturatu denean burutik pasatu zaion pentsamenduak irekitzen du lehenengo orria: “Hil egingo naiz...”. Beldurra du: beldurra hiltzeari, gaixotzeari, hondartzara joan ezinari. Dena hilekoaren erruz.

Telefonoz amarekin hitz egiten duenean Laurek hilekoa denik ukatzen du, ez baitu egoera hori onartu nahi. Eta lotsa ere sentitzen du. Horregatik, amonari eta aitari ez kontatzeko eskatzen dio amari. Eta laguneri ere ezer ez kontatzea erabakitzen du. Ania, ahizpa nagusia, izango da lasaitasun hitzak eskainiko dizkiona.

Heroiak bidaia hasi aurretik sentitzen dituen ohiko sentimenduak ditu Laurek: beldurra, ukapena eta lotsa.
Bazkal orduan etxean elkartu dira denak: ama, aita, Ania, amona eta Laure bera. Nahastuta dago, kontraesanez eta zalantzaz betea.

Heroiaren bidaian mentoreak funtzio garrantzitsua du: bidaia egitera animatu eta bidean akonpainatzea da bere lana. Kasu honetan hainbat mentore izango ditu Laurek, hilekoaren begiradatik arketipikoak izan daitezkeenak eta bizitzaren zikloko momentu ugari errepresentatzen dituztenak. Aurrenekoa Ania da: lehenengo hilekoa denboran gertuen duen pertsonaia. Ama menopausiatik gertu dago eta hilekoarekin bizitzera ohitu ostean galtzeak sortzen dion beldurra partekatzen du Laurerekin. Bera ere aldaketa fasean dago eta ongi ulertzen du alabaren egoera. Lotsa gaindituta, amonarekin hitz egitera animatzen da Laure: jada odolik ez duen pertsonaia, zahartzaroan sartu dena jada.

Konfiantza eta segurtasun egoera sortzea lortu dute denen artean eta horrek lehenengo hilekoa ospatzeko ausardia eman dio Laureri. Aitak kontu logistikoekin lagunduko dio eta etxekoekin batera lagunak ere gonbidatu ditu pizza jan eta telesail bat ikustera. Segituan txor-txor hasi dira denak, hilekoarekin duten harremanaz eta beldurrez hitz egiten, konfiantzan eta gustora asko. Eguna hasi duenean baino jakintza gehiago du Laurek egunaren amaieran; eta deserosoa eta ezezaguna zitzaion hori ospatzeko adorea bildu ditu.

Esango didazue bidaia hasten denean amaitzen dela liburua, baina txiribuelta ederra eman dion bidaia irakur dezakegu testu honetan. Ospatuko dugu gure lehenengo hilekoa?