Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian, Frantziako Polizia armatuaren aurrean harro, helikopteroen jaurtigailuen azpian ausart, txaloka eskuak gora altxatuta oihu ozenak aireratzen dituzte: izan gaitezen denak antifaxistak!
"Les soulevements de la terre" Frantziako tokiko borrokak saretzeko ahalegina da, lurraren banaketa zabalagoa bilatzeko eta erresistentzia bultzatzeko. Natur-guneak defendatu nahi dituzte espekulaziotik, porlanetik eta industrializaziotik. Mugimenduak, era berean, trantsizio ekologiko eta sozialaren beharra aldarrikatzen du, nekazaritza iraunkorraren eta baliabide naturalen zaintzaren alde. Egiazko indar harremana ezarri nahi dute, Ama Lurra landa-industria eta merkatari harrapakarien galmenetik erauzteko. “Hondamendi ekologikoa eta prekaritatea zerumuga bakartzat hartuta hazitako gazte matxinatuak gara”, diote.
Isolamendu hori apurtzen asmatu dute; herri boterearen bilgune indartsu bilakatu dira, mundura zabalduz borroka eredugarrien irudiak, umorez, konplexurik gabeko erradikaltasunez
Besteak beste, borrokatu dira lan legearen, Poliziaren indarkeriaren, arrazakeriaren, sexismoaren eta klimaren apokalipsiaren kontra. Notre-Dame-des-Landesen aireportuaren aurka kanpatu, uharken kontrako Uraren Hiria eraiki, A69 autobidea eteteko harresia altxatu, porlana ustiatzeko usina erraldoiak barrutik boikotatu, merkataritza gune erraldoiak eraikitzeko lurrak okupatu... Herritarrak dira, beren lurraldeari atxikiak. Nekazariak ere badira, eta salatzen dute Frantziak ez diela garrantzirik aitortzen. Beraiek, ordea, jendartea elikatzeko, Lurrarekin eta bizidunekin eguneroko zaintza harremana ezartzen dihardute.
Euren bitartekoak, ugariak: baliabide juridikoetatik ekintza zuzenetara. Gero eta leku eta jende gehiago batzen, hormigoiaren jaunen aurrean, makro-proiektuen aurka, zutik. Nonahi, beraien deialdiak eta erresistentziak biderkatu egiten dira. Eta dagoeneko hainbat garaipen ere eskuratu dituzte!
Gu gara, diote: zu, ni, zuek. Deia luzatzen diete borroken atomizazioaren, ekiteko zailtasunen eta jabeen irentsi-nahi aseezinaren aurrean isolatuta edota ezinean sentitzen direnei. Bistan da, bai, isolamendu hori apurtzen asmatu dutela; herri boterearen bilgune indartsu bilakatu dira, mundura zabalduz borroka eredugarrien irudiak, umorez, indarrez, Ama Lurraren erraietatik, konplexurik gabeko erradikaltasunez, txikien arrazoi handia lagun... Asko ikasteko bidelagunak, bai horixe. Altxa bedi lurra!