argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria, endogamia eta baztanga Trebiñun
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko irailaren 18a
Trebiñuko Las Gobaseko nekropolian ehortzitako gorpuen azterketa genetikoa egin berri dute, eta, beste hainbat ondorioren artean, baztangaren bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua aurkitu dute. Argazkia: Asier Izagirre / Aranzadi Zientzia Elkartea

Trebiñu, VI. mendea. Eremita talde bat Las Gobas kobazuloetan bizitzen hasi zen, eta historiaurretik okupatutako Laño ibaiaren haitzarte hartan kobazulo berriak hondeatu zituzten. Hurrengo mendean kobazuloetako bat nekropoli modura erabiltzen hasi zen bertako komunitatea. IX. mendean kobazuloak utzi eta bizidunak bailarara jaitsi ziren, baina hildakoak han ehorzten jarraitu zuten XI. mendera arte.

Nekropolian 41 gorpu aurkitu dituzte guztira. Besteak beste, EHUko Agustin Azkaratek eta Aranzadiko Lourdes Herrastik ikertu dituzte arrastoak eta ondorioztatu dute komunitate horren hastapenetan indarkeria maila handia zela, fundatzaileetako bik ezpata zauriak dituztelako.

Berriki, Stockholmeko Unibertsitateko Paleogenetika Zentroko ikerlari batek, Ricardo Rodriguez Varela buru, ikerketa genetikoa erantsi die aurrez egindako lanei, eta emaitzak Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte. Guztira 39 indibiduoren DNA eskuratu dute. Horren bidez, hildakoen arteko odolkidetasun maila handia zela ondorioztatu dute. Ezpatez zauritutako bi indibiduoak lehengusuak ziren eta, oro har, han ehortzitako guztiek ahaidetasun lotura zuten gutxienez komunitateko beste pertsona batekin. Hau da, endogamia maila handiko komunitatea izan zen, bereziki lehen fasean, kideak bailarara jaitsi baino lehen.

Gainera, VII. mendean musulmanak inguru haietara iritsi arren, eta Las Gobas kristau eta musulmanen arteko mugatik hurbil egon arren, horrek izan zuen eragina ez zen nabarmena izan. Afrika iparraldeko osagai genetikoak zertxobait gora egin zuen hurrengo bost mendeetan, baina osagai hori hegoalderago bizi ziren beste komunitate batzuetakoa baino askoz txikiagoa zen. Endogamiari datu hau gehituta, garbi dago Las Gobaseko komunitatea oso isolatua zegoela.

Afrika iparraldeko osagai genetikoak zertxobait gora egin zuen hurrengo bost mendeetan, baina osagai hori hegoalderago bizi ziren beste komunitate batzuetakoa baino askoz txikiagoa zen. Endogamiari datu hau gehituta, garbi dago Las Gobaseko komunitatea oso isolatua zegoela

Agustin Azkarate horretaz jabetuta zegoen azterketa genetikoa baino lehen ere, handik gertu dauden beste hilobi baskoietan, esaterako Aldaietakoan, ehorzketa ohiturak oso bestelakoak direlako; inguruko kasuetan hildakoak objektu sorta aberatsekin ehortzi ohi zituzten eta Las Gobasekoak askoz soilagoak dira.

Azterketa genetikoak indibiduo horiek izan zituzten gaixotasunei buruzko informazioa ere eman du. Jatorri birikoa duten gaixotasunek nekez uzten dute arrastoa DNAn eta, beraz, bakterioek eragindako patologiak topatu dituzte. Aurkitutako kasu gehienak zoonosiak dira, hau da, animaliekin harremanetan kutsatutako gaixotasunak; horrek esan nahi du abeltzaintza jarduera garrantzitsua zela kobazulo artifizial horietako biztanleentzat.

Nondik etorri zen baztanga?

Nekropoliko indibiduo batek baztanga izan zuela utzi du agerian ikerlanak eta aurkikuntzak garrantzia berezia du gaixotasun horren bilakaera argitzeko. Europa hegoaldean orain arte aurkitutako kasurik zaharrena da. Zientzialariek luzaroan eztabaidatu dute baztanga nola sartu zen Iberiar Penintsulan.

Zenbait tesiren arabera, baztanga hegoaldetik sartu zen, musulmanek ekarrita. Baina ikerlanak, batetik, agerian utzi du aztarna genetiko afrikarra oso urria zela komunitatean.

Bestetik, Las Gobasen aurkitutako baztanga anduia bat dator Eskandinavian, Alemanian eta Errusian topatutako garai bereko anduiarekin. Ondorioz, historian zehar hildako gehien eragin dituen gaixotasunetako bat gurera ekarri izana ezin diegu musulmanei leporatu.