argia.eus
INPRIMATU
Erreskatatu-ka-tu-tu-ka
Xalba Ramirez @xalbaram 2024ko irailaren 12a

Tuka esaten da
Tu-K
Autoekoizpena, 2024

----------------------------------------------

Musika elektronikoa Euskal Herrira iritsi da!” irakur daiteke, azken urteotan, hango eta hemengo titularretan. Kazetariek entrega datak dituzte pentsatzeko ordua iritsi aurretik, eta, klaro, horrela ezin da. Esana dugu lehendik: musika elektronikoa Euskal Herrian rocka bera baino zaharragoa dela. Edo tira, pareko ibili zirela. Mikel Laboaren Bat-Hiru-n (Herri Gogoa, 1974) Moog sintetizagailuak erabili zirela eta abar, adibide, besterik ez.

Kontua da Ondarroatik berreskuratu dituztela 1986-89 artean grabaturiko pare bat maketa, eta argitaratu gabeko kantu berri batzuekin dakartela: Tuka esaten da (tu-ka-tu-tu-ka, erritmo kutxek egiten duten soinua). Retroa bueltan delako akaso, baina freskoak dira oraindik kantak, nola da posible denboran bidaia hau?

Garaian, akaso, ez zuten nahi beste tokirik topatzen formatuarekin (baxua, gitarra eta erritmo kutxa), eta eraldatzea erabaki zuten, Piztiak taldea sortu. Bitxia zait. Kantuok berreskuratuta, garaian garaikoak diruditelako, baratzeko terminologian. Ez al du inork entzuten Itoizen riff eta melodia zaporerik bertan? –bada gai horretan biziki interesatzen zaidan zerbait, eta da, nola eskualde bereko taldeek antza kristona hartzen zuten, eszena deitzen zaiona sortuz; egun, dirudi dena dela nitxo, eta ezin dela beste inorena errepikatu–.

Eta galderak: Zergatik itxaron dugu horrenbeste, gure 1980ko elektronika berreskuratzeko? (ikus Alberto Lizarralderen Haizetxe, esaterako). Zer ikusirik ba al du ETAk diskoteken aurka egindako borrokaldiak? Zer ikusirik ba al du musika elektronikoa eta drogen arteko ustezko harremanek? Alegia, zer harreman du euskal musikaren norabideak estrategia politikoekin? Eta batez ere abertzaletasunarekin?

Ea, tiroa ondo apuntatzeko: kontua ez da (batzuek eztabaida murriztu nahi duten arren) Euskal Rock Erradikalak dena bereganatu zuenik. Kontua da 1990-2010 aldian, hautatutako isolamenduan bizi zela euskal kulturaren zati handi bat –jakina da, Esan Ozenki, NG eta FM-ren salbuespen apoteosikoarekin–.

Alegia, Euskal Herrian ez da beti berandu eta gaizki kopiatu. Izan dira uneak, berak ere garaiko ahots propioa izan duenik. TU-K-ren hau niretzat adibide on bat da, orain modan dauden formatuak eginez, gu geu jaio aurretik. Beste bat, inork gutxik dakiena: traparen erritmoak lehenago etorri zirela iberiar penintsulara Nizuri Tazuneriko Norzzoneren bitartez, Pxxr Gvng-ekoen bidez baino. Beste gai bat bat da, badakit, baina nonbait jarri behar.

Total. Erreskatatutako lanek alegrantzia ematen digutela, eta esaiezu osaba-izebei etxean gordeta dituzten maketak argitaratzeko. Horrela hobeto ulertuko dugu Euskal Herria ez zela izan esaten den hori. Eta izango dela beste zerbait.