Salvador Illa Generalitateko president izendatzeko oinarrietako bat PSC-ERC arteko ituna izan da. Ez da itun subiranista inondik ere, baina hainbat alorretan ate berriak zabal litezke, ohikoa den PSC-PSOEren balaztaren estrategia politikoa berriz ere nagusitzen ez bada, behintzat. Ate horietako bat estatuko finantzaketa ereduaren beraren eraldaketa da. Izan ere, itunean Kataluniak finantzaketa bereizia jasoko duela aipatzen da eta horrek estatuko egungo finantzaketa autonomikoaren ereduaren erreforma ekar lezake. Baina itundutakoa irekia eta anbiguoa da.
Katalunian sortzen diren zerga guztietako arau normatiboaren gehikuntzaz hitz egiten da akordio horretan, era oso zabalean eta zehaztapenik gabe. Eta segidan bidezko finantzaketa bereiziaren beharraz. Estatuaren gastua sostengatzea eta lurralde arteko elkartasuna egotea osagarriak direla aipatzen du itunak. Giltzarria da negoziazio prozesua Generalitatearen eta gobernu zentralaren arteko esparru bilateralean kokatu izana, alegia, esparru multilateraletik at.
Aipatu izan da Kataluniak zerga sistema berriarekin Hego Euskal Herriko kontzertu eta itun ekonomikoaren antzeko eredua izango duela. Baina, zalantzak zalantza, Generalitatearen arauak ez du izango euskal zerga sistemen irismenik ezta ahalmenik ere. Euskal foru arauak estatuko finantzaketa esparrutik kanpo kokatzen dira erabat eta, antza, Kataluniako araua errejimen komunaren barnean mantenduko da.
Errejimen komuneko erkidegoetan administrazio zentralak zergen kopuru handienaren diru-bilketa gauzatzen du eta ondoren erkidegoen artean banatzen du, eskumenak eta inbertsio batzuk finantzatzeko, aberatsenen eta txiroenen arteko elkartasun printzipio baten arabera. Errejimen hori 2009an hitzartu zen eta iraungita dago.
Kataluniaren pisu ekonomikoa Hego Euskal Herrikoaren hirukoitza izanik, estatuaren finantzaketan eragin oso indartsua izango luke kutxa komunetik kanpo geratzeak
Lurralde arteko elkartasun mekanismotik kanpo daude Hegoaldeko lau ogasunak. Estatuari kupoa bere zerbitzuen prestazioengatik ordaintzen baitie eta kupoak ez du beste lurraldeetarako emaririk bideratzen. Kataluniak, aldiz, mekanismo horretan jarraituko luke, estatuko zerga kutxa bakarra bere horretan mantenduta. Kataluniaren pisu ekonomikoa Hego Euskal Herrikoaren hirukoitza izanik, estatuaren finantzaketan eragin oso indartsua izango luke kutxa komunetik kanpo geratzeak.
Inbestidurarako adostasunen artean legoke PFEZen diru-bilketa eta kudeaketa osoa Generalitatearen esku geratzea (gaur egun %30ean dago, Aznarrek eta Pujolek 1996an sinatutako Majestic Itunari esker). Ondarearen, oinordetzaren eta jokoaren diru-bilketak %100 Kataluniaren esku jarraituko luke. Eta Kataluniak estatuarekiko duen zor fiskal historikoa deuseztatzea ere adostutakoen artean dago.
Baina auziaren muina da nolakoa eta zenbatekoa izango den Kataluniak kutxa komunean egingo duen ekarpena. Erabaki horrek baldintzatuko baitu errejimen komuneko kutxaren fluxuak nola bideratuko diren etorkizunean eta, finean, errejimen komunaren finantzaketa eredu berriaren egitura bera. Hori izango da gatazka eremu nagusia finantzaketa bereiziaren formulan aurrera egin ahal izateko. Elkartasun eza eta pribilegioaren kontzeptuen erabilera maltzurra ikusten ari gara dagoeneko eskuin zein ezkerreko ahots zentralisten aldetik.
Kataluniako administrazio eta eragile gehienek azpi-finantzaketaren arazoa dutela aldarrikatu izan dute behin eta berriro. Zerga sistema bereizia burujabetzarako bidean sakontzeko tresna egokia den ikusteke dago. Estatuaren federalizazio edo birzentralizazioaren arteko tentsioan urrats bat gehiago dugu finantza ereduaren erreforma. Urte politiko berriaren lehen erronka auzi indartsu hori izango da.