argia.eus
INPRIMATU
Ez da izenik agertzen, inon
Bestiak Liburutegia 2024ko irailaren 04a

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre
Elkar, 2024

-----------------------------------------------------

Josefa Agirre Etxeberria frankismo garaian neskame aritu zen emakumeetako bat izan zen. Hamalau urterekin deserriratu ondoren, bizitza osoan zehar bizilekuz aldatzera derrigortuta egon zen, bereak ez ziren beharrek gidatuta. Ez da harritzekoa, beraz, sistema patriarkal eta kapitalistak Josefaren ibilbidea ikusezin egin digula orain arte. Baina nola aitortu arrastorik utzi ez duen bizitza bat? Alaitz Melgar Agirre, haren biloba, aldendu egin da historiografia hegemonikotik amamaren biografia erdigunera ekarri eta jasandako zapalkuntzez hausnartzeko Josefa, neskame liburuan.

“Ez da izenik agertzen, inon”, diosku autoreak. Dokumentu ofizialetan agertzen ez den bizitza hori berreraikitzeko, idazleak ikerketa zientifikotik harago joan behar izan du. Tene Mujika bekaren laguntza jaso zuen horretarako. Elkar argitaletxearen eta Debako udalaren kolaborazioa da beka eta, besteak beste, Iñigo Lopez Simon, Kattalin Miner eta Jon Alonsok jaso dute lehenago. Melgar hamaseigarren irabazlea izan zen 2023an. Bekaren helburua historia hurbila ez-fikziozko proiektuen bitartez jorratzea izanik, “espekulazio erreinuan” murgildu da Melgar, eta testigantzak eta intuizioa erabilita berreraiki du bizitza ikusezin oso bat. Ahozko historiara jo du eta aukera-baldintzak eta aukera-eremuak aztertu ditu gainazalean agertu ere egiten ez dena aurkitzeko.

Josefaren bizitza berreskuratu bitartean, askotariko baldintzek eta zeharkako zapalkuntzek osasun mentalean daukaten eraginaz ere gogoetatzera garamatza testu esperimentatzaile honek. Izan ere, osasun mentala ez da inoiz kontu isolatua. Idazlearen hitzetan, Josefa “kaiola batean sartu zuten betiko”, baina ahazturaren kaiola hori apurtzen saiatu da orain. Jarrai dezagun, beraz, oroimen ariketak egiten, ezkutatuta dagoena argitzen, isilarazia izan denari ahotsa ematen, eta historiaren bertsio osoago bat sortzen. Liburu hau babesgunea da bide hori ibili nahi dugunontzat, bestetasuna erdigunera ekarri nahi dugunontzat.