Telegrameko sortzaile eta kontseilari delegatu Pavel Durov larunbatean atxilotu dute Parisetik gertu dagoen aireportu batean bere jet pribatutik jaistean. 39 urte eta nazionalitate frantziarra eta errusiarrak ditu Durovek, eta Dubain bizi da azken urteotan. Iruzurra, droga-trafikoa, ziber-jazarpena, krimen antolatua edo terrorismoaren apologia bermatzea egotzi dizkiote. AP agentziaren arabera, Frantziako fiskaltzako iturriak aipatuta, Telegramek ez ditu "bere plataforman antolatuta dauden talde kriminalak" baztertzen, eta ez du kolaboratzen delituak ikertzen dituzten agintariekin.
"Telegrameko CEOak ez du ezer ezkutatzeko, eta sarri bidaiatzen du Europan barrena. Zentzugabea da plataforma bat edo haren jabea plataforma horretan beste batzuek egindako gehiegikerien erantzule izatea" adierazi du Telegramek. "Mundu osoan ia mila milioi erabiltzailek erabiltzen dutela Telegram komunikaziorako eta informaziorako bitarteko gisa", gaineratu du. Konpainiak Europar Batasunaren arauak betetzen dituela dio, eta azpimarratu du mezuak seguruak direla "enkriptatuta daudelako", eta ez duela erabiltzaileei buruzko "informaziorik jasotzen, ezta ematen ere".
Telegramek Dubain du egoitza nagusia. 2013an sortu zuten Pavel Durovek eta bere anaia Nicolaik. Pavel Durovek, Zuckberg errusiarra ezizenaz ezagunak eta Interneteko konfidentzialtasunaren defendatzaile gisa aurkeztuak, Errusiatik alde egin zuen 2014an, berak sortutako VK sare sozialean Errusiako oposizio politikoak zeuzkan komunitateak ixteko eskakizunak betetzeari uko egin ostean. Forbes aldizkariaren arabera, 13.000 milioi eurotik gorako dirutza du Durovek.
Whatsappen berehalako komunikaziorako plataforma alternatibo nagusi bihurtu da Telegram azken urteotan, are gehiago Mark Zuckerbergen multinazionalak jaso dituen salaketa eta kondena ugarien ostean, gardentasun eza eta datu pertsonalen erabilera okerragatik. Adibidez, 2023ko maiatzean Metari (Whatsapp, Facebook eta Instagramen jabea, besteak beste) 1.200 milioi euroko isuna jarri zion Datuak Babesteko Irlandako Batzordeak pribatutasuna urratzeagatik. Datu pertsonalen ustiapen mertzenarioagatik multinazional estatubatuarraren aurka agertu da Telegram, eta bere burua nabarmentzeko "erabiltzaileen pribatutasunarekiko errespetua" azpimarratzen du, nahiz eta sistema zentralizatua izan eta ez dituen defektuz bere mezuak muturretik-muturrera zifratzen. Telegramek hainbatetan adierazi du ez duela inoiz bere erabiltzaileei buruzko informaziorik emango, "marra gorriak" zeharkatu ezean. Telegrameko agintariek, noski, ezartzen dute lerro horien kolorea.
Telegramek hainbat tira-bira izan ditu justiziarekin azken urteotan. Azkenetako bat martxoan izan zen, Espainiako Estatuan. Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Telegram guztiz blokeatzea eskatu zuen, Mediaset, Atresmedia eta Movistar Plus enpresek hala eskatuta, Telegrameko "kanal batzuetan egile eskubideek babestutako edukia partekatzen zelako". Azkenean, zentsura saiakera erretiratu zuen epaileak.