argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Gainkomunikatuz
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko abuztuaren 28a

Zergatik ez utzi. Zutabeak idazten dituenak atzetik izaten ditu beti garaiz erretiratzearen apologetak. Agortu baino lehen. Gaiak, niri, ezin agortu, ez ditudanez; ezertan ez naiz aditua, eta inoiz ez dut izan Euskal Herriari transmititzeko mezurik. Ez lidake azalpenak balioko, hasi ere ez bainukeen egin beharko orduan. Dotoreziaren klabeak ilunak iruditu zaizkit beti. Egia da honek zikintzen duela, noizean behin, beti ez bada, erridikuluaren ertzean ibiltzen baikara (presaka janzten den irakaslearen bragetako kremailera irekiaz), eta ordenagailu aurrean zintzoa dena oso biluzik dabilelako gero, iritziak bistan. Nekea eta beldurra lirateke nire arrazoiak.

Beldurra baretzeko, lekuari kentzen diot garrantzia, eta irudikatzen dut zutabeak nik eta koordinatzaileak baino ez ditugula irakurtzen: gezurra, beti ari naiz beste norbaiti erantzuten, eta komunikatzen garen bakoitzean bilatzen dugu kanalaren tamainako interlokuzioa. Ateoa eta bakartia izaki, isilean pentsatzen badut neure buruak baino ez dit entzuten eta erantzuten; idazten badut, ordea, hartzailea bistan ez badago ere, idatzitakoa nonbait galduta geratzen bada ere, ez hona, ez liburu batera eraman gabe, zirriborratutako lehen hizkiek interlokutorea irudikatzen dute beren esanahi propioa baino. Heriotzari aurre egiteko modu bat gehiago da hau, agian: eta hau gainkomunikatzea da.

Garun batzuk gainkomunikatu egiten dira, lehenengo garezurrean daramatenarekin, eta garezurrean daramanak ezin dio eutsi gainkomunikazio hori ulertzeko grinari, eta galderak pilatu eta pilatu, esneak gainezka egiten zuenean bezala hurbiltzen dira orri zurira, eta horrela gainpentsatzen/gainitauntzen dute Israel, ortodontziaren gorakada, edo hasi berri duten harremana. Ez dira poetak edo kantautoreak. Narratzaileak dira. Hurrengo galderarentzat harmaila nolabait sendoa nahi dute, eta sendoa azken tolesduraren itzala narra dakiokeen zerbait da: baina ezin lortu, gainnarratuz birrintzen baitute sendo itxura hartu duena. Gainkomunikatuz ikasi nahi dute parekoa, gainkomunikatuz bakartzen dira, gainkomunikatuz gaur esana ñabardura askok jantzi du biharko, eta etzirako beste zerbait da. Eta ezin gelditu.

Beldurra ahazten zaigu ulertu beharrez, hartarako laguntza eske, Telegramen, emailetan, gutunetan, ipuinetan, zutabeetan… obszenoki gainkomunikatuz.