Every action has reaction
BLACK BACON
Artza Records / American Leather Records
----------------------------------------------------------
Badira 25 urtetik gora Kataluniako jatorria daukan eta HHH hardcore talde aitzindariaren sortzaile Alex Montiel Euskal Herrira bizitzera etorri zela. Hemen, zerotik, 25th Coming Fire taldea jarri zuen martxan, eskola zaharreko hardcore-punka eta AEBetako korronteak batu eta bere egin zituena. Luzaroan aritu ostean, utzi egin zuen duela urte gutxi.
Baina pandemiaren lozorro luzean, beste askok bezala, denbora-pasa gisa kantuak idatzi eta grabatzeari ekin zion Montielek. Kantu lasaiagoak idazteko saiakera egin zuen, baina, ezin ukatu, hardcore-punka DNAn dauka gitarra-jotzaileak betidanik. Kantu zirriborroak hainbat musikari lagunei bidalita, harrera beroa jaso zuen, eta baita ere, aurrera egitekotan, parte hartzeko haien eskaintza. Esan eta egin: Euskal Herriko, Kataluniako eta… AEBetako musikariekin borobildu dituzte kantuok. Ahotsaren ardura Poison Idea taldeko Jerry A.k hartu du, eta hain nabarmena da bere nortasuna, ezinbestez pisu handia dauka kantu guztietan.
3 bells chime hardcore-punka da, iluna, malenkoniatsua eta pisutsua. The game-k NYko hardcorearen sarrera badu ere, hardcore melodikoan barneratzen da eta gitarra oso (hard)rockeroak ditu. Music makers ere hardcore melodikoa da, baina oso bizia. What´s your name hard-rock gisan iratzartzen da, baina Angi-ren ahots ikaragarriarekin aurrera eginez punk-rock-rollean kiribiltzen da.
Diskoaren B aldeari dagokionez, A hole in the wall punk-rock iluna eta pisutsua da, kantutzarra. So much more-k utzi gaitu gehiagoren gogoz, gogora ekarri digulako APT3Gren bizkortasuna eta Poison Idea-ren sendotasuna; hit bat da! Looking for love hardcore-punka da, baina, horrez gain, hurbiltzen da dezente Oi!aren kadentzia eta talde pertenentziara; itsaskorra. Bukatzeko, The distance tempo erdiko pieza melodiko eta gitarreroa da.
Adi! Iraila bukaeran aukera errepikaezina izango dugu taldea zuzenean ikusteko, AEBetako miseria eta itxurakeria salatzen duen lana aurkeztera Euskal Herrira etorriko direlako.