Laugarrenez altxatu da eguzkia Baionako besten eremu setiatuan eta uste dut, septentrioko Euskal Herri honetan, hatsa hobekiago hartzen dugula, batez ere gure hiru diputatuak Fronte Herritar Berrikoak direlako eta olde beltz-kakia hirugarren postura zokoratu dugulako. Bi gauza, halere: 1. Mamua ez dabil urrun, edonoiz irents eta zirtzika gaitzake; 2. Parisera igortzen ditugun diputatuek, gure zaharrek erraten zuten legez, ez gaitzatela ahantz, trena Akizera heldu orduko. Bozka biharamunak batzuetan frustranteak dira, emozionalki bederen.
Hilabete oso bat iragan dugu antsiaz loturik. Senar edo bikote-kide bortitzaren antzera, Macron presidente perbertso-narzisikoak bere herritarrei estres test erreal bat jasanarazi die, gorrotoaren alderdiari kontzienteki ateak zabalduz. Oraino ere, gutun bidez, hiritarrei sinetsarazi nahi die deus ez dela aldatu, ez dituela hauteskundeak nehork irabazi, ez behintzat ezkerrak, eta eskuinekoek behar luketela gobernua osatu, beraien artean, 1958ko Konstituzioaren erregelak ukatuz.
Botere zerbait banu, nik, Marine Tondelier ekologista jarriko nuke lehen ministro.