Eusko Jaurlaritza berriko bozeramaile Maria Ubarretxenak lehenengo elkarrizketa Euskadi Irratiari eman zion. Solasaldian asmoez jardun zuen, kontu orokorrak adierazi zituen, ezinbestean, gobernua martxan jarri berri zegoelako. Adeitsua izan zen tonua kazetari eta eledunaren artean.
Halere, kazetariaren galdera konkretu bat erantzuteko tonua zorroztu egin zuen Ubarretxenak. Atsegin baina gogortxo, errieta puntu bat ere sumatzen zitzaion ahotsean. Sailburuen artean euskaldun oso zenbat ziren itaundu zion irratikoak, ea zenbat izango ziren gai Euskadi Irratian elkarrizketa egiteko.
Ahor, bitan botatako erantzuna: “Denak dira euskaldunak, baina ez denak euskal hiztunak”. Jarrera baikorraz eta euskara bultzatzeaz berba egin bazuen ere, ez zion erantzun esatariari.
Andre agurgarri horrek ez ote daki euskalduna dela euskara duena/dakiena? Edonongo pertsona euskalduna izan litekeela euskal herritar izan barik, sekula Euskal Herria zapaldu barik?
Euskaldun izatea ez da ohorea, ez direla esatea ere ez da mespretxua. Kargu publikoari eska lekiokeen gutxienekoa ere izan liteke, esanahia bihurritzeke.