Liburu honetara hurbiltzen denak lehenbizi G. Mabire-ren irudiekin egingo du topo. Komikiaren estiloko irudiak dira, trazu oso zehatzak eta kolore bizikoak, pertsonaiak eta egoerak erraz interpretatzen laguntzen dituztenak. Irudi horiek testuarekin bat datoz: laburra eta zehatza da, eta gertakarien deskribapenera mugatzen da. Alde horretatik, liburu egokia da irakurle berrientzat, eta haurrei kontatzeko.
Eta zer? istorioa bullyingaren ingurukoa dugu. “Eskolako jolastokia izuaren erresuma bihurtu du Basilik. Eguna joan eta eguna etorri, ikaskideren bati eraso egiten dio”. Horrelaxe hasten da liburu honen kontakizuna. Irudian, Basili krokodiloa haur batengana –lehoi kumearengana– zuzentzen da, patioan bi laguntzailerekin, eta gainerako ume guztiak ikaratuta ari dira Basiliri begira.
Labur-labur, ezkerreko aldean eraso bat eta eskuinekoan horren ondorioa ikusi ahal izango ditugu hurrengo orrietan; harik eta ume berri bat eskolaratu arte. Andreak –gepardo kumea– jolastokian sartzean Basilirekin egiten du topo lehen aldiz. “Aizu! Aurpegia orbanez beteta daukazu! Puah, puah, puah!”, esaten dio Basilik, eta guztiak izututa eta isilik geratzen dira Andrearen erantzunaren zain. Honek, aldiz, “eta zer?” erantzuten dio, begietara zuzen-zuzen begira. Hortik aurrera jolastokiko egoera erabat aldatuko da, eta liburuaren amaieran ulertu ahal izango dugu Basiliren jokabidearen arrazoia.
Liburua, aurretik aipatu dugu, oso egokia da haur txikien artean –eta agian ez hain txikiekin ere– errespetuaz, indarkeriaz, bullyingaz aritzeko; baina horrelakoetan sartu barik ere, istorioa irakurriz –entzunez, ikusiz– irakurleak gozatu egingo du eskolan gertatzen denarekin. Hasieran, segur aski, haserretuta edo gogaituta egongo da, baina amaieran irribarretsu eta gogoetari emana.
Kontakizunaren erritmoa –narrazioarena nahiz irudiena– oso egokia da eta istorioarekin aurrera jarraitzera animatzen gaitu; testua ere zehatza da, deskribapen gehiegi gabe eta gertakariak ongi ulertzeko moduan azalduta. Irudiek primeran laguntzen dute narrazioa ulertzen eta idatzitakoa osatzen. Alde horretatik, beraz, oso ondo egina dago; eskoletan, baina baita etxeko gozotasunean ere, kontatzeko aproposa.