Ikasle batek erran zidan, behin, testu bat aztertzen ari ginela: “Pertsonaia eri da: geldi-geldia pentsaketa ari da bere buruan”. Bistan dena, erranaldi horrekin, gaizki adierazi zuen gogoan zuen iruzkina, erran nahi baitzuen pertsonaiaren ezontsa nabari zela haren hausnarketa etengabeetan. Halere, erranaldi horrek harrapatu ninduen, efektu izugarria egin zidan. Beharbada, bai, batzuek uste dute beti pentsatzen aritzea eritasuna dela? Anormaltasuna? Gaixotasun psikiatrikoa? Zoini hiltzen ote zaio pentsaketa, egunean zehar?
Berriz oroitu naiz erran hartaz azken aste hauetan, ikusiz bereziki gure herrikide anitzek bozkatu dutela eskuin muturraren alde, bai Europako hauteskundeetan, bai Frantziako Legebiltzarrekoetan. Nik anormaltzat dauzkadanak dira preseski beren burua aurkezten duten Rassemblement National (Batasun Nazionala, RN) alderdi horretakoak, bihozgabeko gezurtari lanjerosak, ziriak bezain alferrak direnak. Jordan Bardellak ez omen du mikorik egin Bruselan, Europako diputatu gisa. Ene boz eremuko hautagaiak ez du gorde, lurraldeko bost irrati libreek antolatu zuzeneko eztabaidan, uztailaren 3an, ez dituela ezagutzen azken urteetako lege garrantzitsuak, adibidez, Iparralde honetan hain beharrezkoa genuen bigarren etxebizitzen fiskalitatea arautzen duena. Baina zer ari dira? Deus ere, haize hotza higitzen dute. Denbora guzia iragaten duten itxurakerien bidez funtsik gabeko eta azaleko ideia sinpleak botatzen. Beldurgarriena da haien bozkatzaileek sinets dezaten burutik sanoak direnak haiek direla, eta ez besteak, ez dutenak ukatzen bizitzaren konplexutasuna eta pentsaketa konplexuaren beharra.
Nik anormaltzat dauzkadanak dira preseski beren burua aurkezten duten RN alderdi horretakoak, bihozgabeko gezurtari lanjerosak, ziriak bezain alferrak direnak
Duela 50 bat urte, Edgar Morin filosofoak teorizatu zuen pentsaketa konplexua kontzeptua La méthode obra erraldoian. Erakutsi du mundua osatua dela sistema askoz, jakitate alor guztiak elkarreraginean jarriz ere ez daitekeela ezagutza sistema bakunera heldu bizia eta gizakia ulertzeko. Garai horretan sortu zuen ere polisistemaren kontzeptua Itamar Even-Zoharrek. Hainbesteko abstrakzioraino joan gabe ere, norberak esperimenta dezake, bere bizitzan, zoin anitza den natura, zoin konplexuak eta kontraesankorrak, giza harremanak. Bai izadia, bai jendartea mugarik gabeko itsasoak dira, mila galdera inarrosatzaileren iturriak.
Zergatik, bada, hain nabarmen den konstatazio horrengatik, herrikide batzuek konfiantza erakusten diete txotxongilo haiei? Haserre eta aspertuak direlako gainbehera sozioekonomikoaz? Ala ez dutelako pentsatu nahi? Kognizio sozialean, jujamendu heuristikoak deitzen dira laburpen eta sinplifikazio kognitiboak, konplexutasuna saihesten dutenak. Gezur sinplifikatzaile eta garbitzaileak jasotzeak izpiritua lasaitzen ote diete, eskuin muturreko jarraitzaileei? Bizipoza eragiten ote diete? Nik ez ditut uros ikusten, hasteko. Izaki etsitu, auher, berekoitzat dauzkat: hamaika hertsadurez nahitara leuntzen eta mugatzen dute beren bizitzeko gogoa, ez badute gorrotoa zabaltzen.
Zoriontsuagoak zaizkit, berriz, munduari eta gizarteari zentzu bat eskaintzeko lan egiten dutenak, zailtasunak zailtasun, idealak ideal, onartzen dutelako konplexutasunaren bidez baizik ez direla gauzak konprenitzen eta prezatzen ahal.
Hain zuzen ere, arrunt apropos, ekainaren 26ko Le 1 astekariak erakarri ditu Robert Desnos poetak 1936an idatzi zituen neurtitz batzuk, fronte popularra altxatu zelarik faxismoaren kontra: “Kantatzen dut gau honetan ez borrokatu behar dugun hori / Baina defendatu behar duguna. / Bizitzaren plazerak”.