Zerbaiti edo norbaiti agur esatea abandonuarekin, amaierarekin eta, azken batean, dolu-prozesuarekin lotutako ekintza izan ohi da. Seguru noizbait esango zenutela –edo norbaiti entzungo zeniotela– “ez zaizkit agurrak gustatzen” esaldi tipiko eta topikoa. Eta ez zaituztet engainatuko, agurrek ni ere ez naute inoiz liluratu.
Uste dut hori gertatu dela, besteak beste, historikoki gizarte gisa izan dugun ezintasunagatik tristura sor diezaguketen egoerei aurre egiteko. Sentimendu jakin batzuk, nostalgia, adibidez, zerbait negatibo gisa identifikatzen ditugu, eta, horregatik, horiek saihesten saiatzen gara. Nahiz eta askotan min handiagoa ematen duen zerbaiti eusteak, joaten uztea hobe dela onartzeak baino.
Txikitan nire amaren familiaren herrira oporraldia pasatzera joaten nintzenean, itzuleran isuriko nituen malkoak madarikatzen joaten nintzen. Nire hiritik urrun zegoen pertsona batekin maitemindu nintzenean sufritu egiten nuen, pentsatzen ziurrenik gure bideak berriro bananduko zirela. Nire aitona 100 urtera iritsi zenean, sasoi ederrean, errukia sentitzen nuen haren heriotza saihestezinak eragingo zuen estualdi txarragatik. Normalizatuta neukan beldur horiekin bizitzea.
Hiru gauzak gertatu ziren, eta onartzea ez zen izan oztoporik gabeko prozesua. Baina horrelako eta antzeko esperientzietatik zerbait ikasi dut: agurrak eraldaketarako aukera erradikalak izan daitezke. Batez ere, horiek gauzatzeko unea aukeratzeko pribilegioa duzunean, eta denbora aurkitzen duzunean horiek asumitzeko eta askotan dakarten ziurgabetasuna zaintzeko.
Gaurkotasuneko informazioarekin eta esfera digitalarekin etengabe konektatuta egoteagatik nekea pilatu zait eta motibazioa murriztu
Horixe izan da nire zortea azken hilabeteetan. Directa-ko egunerokoan hamalau urtez inplikatuta egon ondoren, hilaren amaieran erredakzioko ordenagailua itzaliko dut, irailean beste lankide batek piztu dezan. Gaurkotasuneko informazioarekin eta esfera digitalarekin etengabe konektatuta egoteagatik nekea pilatu zait eta motibazioa murriztu; atseden hartzeko gogoa piztu dit. Atseden horrek ahalbidetuko dit aukera pertsonal eta profesional berriei buruz pentsatzea.
Era berean, ARGIAko artikulu hau izango da 2017ko abenduan ireki zen etapako azkena. Ordutik hamarnaka testu argitaratu ditut orri estimatu hauetan. Horietan guztietan saiatu naiz nire ikuspegia ematen Herrialde Katalanetan azken urteetan jazotako gertakariei buruz. Eta, oraingoan bezala, noiz edo noiz atrebentzia izan dut gogoeta pertsonalak idazteko; espero dut interesgarri iruditu izana.
Azken artikuluan azaldu nizuen Suitzan erbesteratutako lagun maite bat tren-geltoki bateko nasan agurtzearen gogortasuna. Zorionez bezain ustekabez, gaur lerro hauek idazten ari naiz Tsunami Democratic-en auzia artxibatu dutela ezagutu ondoren, eta jakinda laster berriro besarkatu ahal izango dudala gure lurraldean. Berak [Jesús Rodríguez] hartuko dit lekukoa artikulu hauetan, eta zirkulu bat itxiko da horrela: duela hamalau urte kazetaritzaren ateak ireki zizkidan pertsona bera izango da hemendik aurrera zuentzat idatziko duena.
Agian besterik gabe ikasi eta onartu behar dugu “kaixo” batek beti ekarriko duela “agur” bat, eta despedida batzuek ez dutela zertan behin betikoak izan, behar den unean egiten baldin badakigu. Orain nahiago dut “laster arte” esan, edo, are hobeto, “ez adiorik!” oihukatu, ikasitako guztiak aurreikus ezin daitekeen helbururaino lagunduko didalako ziurtasunez eta harrotasunez. Mila esker bihotzez ARGIAri, nigan konfiantza izateagatik eta espazio hau emateagatik. Eskerrik asko zuei guztiei, zuen laguntzarekin hau bezalako hedabideak posible egiten dituzuenoi.