argia.eus
INPRIMATU
Poltsikoetan eramateko kantuak
Xalba Ramirez @xalbaram 2024ko uztailaren 05
Kordoba bidea / Borla / Flexidiscos, 2024.
Kordoba bidea / Borla / Flexidiscos, 2024.

Ezin da talde baten irakurketa egin bere taldekideen iragana kontuan hartu gabe; eta kasu honetan, are zailagoa da ariketa. Tatxerseko kide bat dago eta Tatxers taldea dakar gogora Borlak. Ekidin ezina da aurreko taldean pentsatzea, baina motz geratuko gara, chorusdun gitarra garbien atzean talde fresko eta originala dugu-eta Borla.

Iruñean elkartu ziren irakaskuntza masterrean, eta bizitzari piper eta gatz puntu bat gehitzeko hasi zen hirukotea elkartzen. Bestelako hainbat proiektutan badabiltza hirurak, baina egunerokoaren asperdurari nolabait aurre egin behar. Martin Ciriza Tatxersen dabil, Timeo Dedieu Blessuren eta Ander Redin Comic Sansen, besteak beste.

Pop elegantea dute ikur, baina bihotza punkean dago. Autogestioaren giroa ondo baino hobeto ezagututa, jada lortu dute tokitxo bat. Demo txiki bat argitaratu ostean, Kordoba Bidea lana argitaratu berri dute Flexidiscos argitaletxearekin.

“Mila gauza egiteko eta ezer egin gabe”, egunerokoa eta naturaltasuna dituzte eraikuntzarako material. Ez dute arazorik errimetan poto egiteko, errimatzen dute ruido ruido-rekin, eta lasai demonio geratzen dira. Hori baino plazer handiagorik! Potoari beldurra galduta, edozer kontatu daiteke.

Iruñeak kanpotik bizi-bizia dirudi, eta edozein unetan lehertzear dagoen hiria da hiri buruzagia. Astearteko jazza kantuan, ordea, asperdurari nola aurre egin asmatzen ez duen gaztea topatzen dugu, batetik bestera, kasik noraezean: “Gerra berri bat hasi da nire logelan”.

Hori da Borlaren gakoa: letra txikiak, poltsikoetan eramateko moduko kantak dira. Alabaina ez dira kanta txikiak, egunerokoa eramangarriagoa egiten baitute, eta elkarrekin egoteko gogo handiagoa ematen dute.