argia.eus
INPRIMATU
Mugak Zabalduz
Arantza Gutierrez Paz @arantzatxu 2024ko uztailaren 03a

Aurten ere, Mugak Zabalduz karabanan ia ehun lagun abiatuko gara Euskal Herritik, Europaren migrazio politikak, eta aurten bereziki onartu berri duen Migrazio eta Asiloko Paktua, salatzeko asmoz. Aurten Balkanetako mugara joango gara, Bosnia Herzegovinako Bihac hirira; hor pertsona musulmanen aurkako genozidioa gertatu zen 1990eko hamarkadan eta, gaur, babes bila datozen pertsonen iragazte-puntua da. Paduan eta Triesten (Italia) ere egitarau zabala antolatu dute Carovane Migranti-ko lagunek, bertako aktibisten lana ezagutu eta memoriatik ikas dezagun, aliantzak sortzen ditugun aldi berean.

Uztailaren 12an aterako gara eta hamar egunez aldarrikatuko dugu eskuin-muturrak marraztu nahi duen Europa ez dela gurea. Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatu, eta pertsona guztientzat eskubide guztiak eta ibilbide seguruak exijituko ditugu. Gurea asmo oneko pertsonen ahalegin hutsala dela pentsatuko dute batzuek, ezer gutxi egin baitezakegu hedatzen ari den xenofobiaren mamuaren aurka. Baliteke; baina benetan sinesten dut Galeanok zioen honetan: “Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake”.