argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Bizitzeko
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko uztailaren 03a

Ikasturte osoan inork aipatu ez dituen kontuetan aritu ondoren, aktualitatearen erdigunera eraman nau, ustez, pneumonia batek, nola definitu ez dakidan hartuemana izan baitut Osakidetzarekin. Eta lehen deitik, ai ene, esperimentu batean egotearen sentsazio zirraragarria, telebistan hainbeste atera den zera hori probatzen ari nintzen, dokumental bat nintzen, eta dokumental bateko kameraren jarrera ezaxolatia hartu nuen: protagonistaren heriotza ondorio posible bat zen, ez probablea, baina bai gertagarria, merezi zuen adi egotea, zergatik bestela aukeratuko zuten dokumentalerako. Askok hasiko genuen dokumentala lehen deiarekin, gehienak, berez, ez ginen hilko, baina, agian, ni nintzen “ikusten?” kasua. “Plaka atera izan baliote", “medikuak ikusi balu". Ez dakit zertarako, hori ere egia da; izan ere, euskal gizarteak mezu oso argiak eman omen baditu ere azken hauteskundeetan, besteak beste osasungintzari buruz, ni mezu argi horiek dezifratu ezinik nabil. Nik neuk, egia esan, gizarte osoa izan gabe, badakit, baina kideetako bat izanik, ez nuen mezu batere argia eman; nola, zein bozkaren bidez.

Osasun zentroko itxaron gelan denok Vietnamgo beteranoak genirudien (gure imaginarioan ez dugu landu Vietnamgo beteranoa, edo goizegi da jartzeko), bakoitza beste dei batzuen zain utzi gintuzten gure deiak eta deiak eginda, minak, Pradalesek dagoeneko sumatzen direla esan zuen hobekuntzei sor, medikurik ikusi gabe, bat birikari heltzen, alabari bestea, medikuari txartelean sartzea ahaztu zitzaion errezetaren hutsuneari bestea, “nire aurretik pasatzen ari zarete geroago iritsitako guztiak". Kostunbrismoak mina ematen du, zentzu askotan. Eta dokumental honetatik pasa diren pertsonei entzunda, profesionalei barne, ez dut uste ados jarriko ginatekeenik. Ezta gutxiagorik ere. Eta itxarongela horretan sekula harrapatuko ez genukeen herritarra kontuan hartzen badugu, gutxiago. Gizartea ez ginateke ados jarriko. Agian, horregatik eman genien botoa alderdi desberdinei, edo bati ere ez.

Osakidetza erdigunera ekartzen bada, zerbait gehiago da Osakidetza baino. Pradalesek lasai zirudien bere lorategian (euskaraz, urduritasun uneetan ikasitakoa ateratzen duenean Urkullurena uste genuen “egin" indartzailea ateratzen zaio), gizarteari entzunez zioen, mezu argiak: kudeaketa lan batek konpon dezake bera entzuten ari dena. Osakidetza “dialektika partidistatik eta eztabaida politikotik kanpo" utzita. Horiek dira egokitzeko aldaketak. Pentsatzen dut, agian, balioko dutela neumonia diagnostikatu eta hogei egunen ondoren nire medikua ikusi ahal izateko. Eta “ikusten?” gutxiago gertatzeko. Ados gaude horretan. Ados egoteko bozkatu badugu. Ni estoizismoz nire heriotzak dokumentatzen jarraitzeko prest, fronte guztietan, adina izango da: ea norbait konfrontaziora eta disrupziora animatzen den. Bizitzeko.