Amaitu da Euskadiko Orkestraren kontzertu-denboraldia, Iruñeko Baluarten egindako aparteko kontzertu batekin. Kontzertu ederra, entzuleen txalo zaparrada nahi duten horietakoa, pizgarri dezenterekin.
Pizgarri horietako lehena bakarlaria zen, Federico Colli italiarra, Salzburgo eta Leedseko lehiaketak irabazi dituena. 35 urteko piano-jotzailea bere belaunaldiko garrantzitsuenetakotzat hartzen da, eta horregatik, bertaratutakoen jakin-mina handia zen.
Bere gaitasunak frogatzeko, Collik Rachmaninoven 2. Pianorako kontzertu zoragarria eta beti-inspiratzailea interpretatu zuen. Konpositore errusiar horren kontzertu handiena hirugarrena dela uste dugu askok, folklore errusiarraren iturrietatik gehien edaten duena, magikoa eta erabat birtuosistikoa, baina bigarrena da gehien entzuten dena eta zabalduena. Besteak beste, Noel Cowarden Brief Encounter eta Billy Wilderren The seven year itch (Tentazioa goian bizi da) filmetan entzun ahal izan ditugu obra horren pasarteak. Ez da harritzekoa pelikula horietan eta beste batzuetan sartzea. Kontzertu melodiatsua da, orkestrazio oparoa duena, tema ahaztezinez betea, eta piano-jotzailearen distira ahalbidetzen duena.
Interpretazioari dagokionez, zertxobait irregularra gertatu zen, batez ere lehen mugimenduan: nolabaiteko dekalajea egon zen orkestraren eta bakarlariaren artean, bien rubati-ak ondo egokituko ez balira bezala. Agian horregatik, une batzuetan piano-jotzailea neurtuegia edo mekaniko samarra zen bere interpretazioan. Hala ere, bere teknika bikaina eta partituraren ikuspegi originala antzeman ahal izan ziren. Normalean itzalpean egoten diren motiboak, ezkutuagokoak, Collik nabarmendu egiten zituen beste ikuspegi bat emanez. Hirugarren mugimendua bikain amaitu zen, eta ikusleek gogoz txalotu zuten.
Zuzendaria –Giancarlo Guerrero, kontzertuaren beste pizgarrietako bat– erosoago ikusi genuen bigarren zatian. Richard Straussen poema sinfonikoen oldarra eta soinu borobila ezin hobeto egokitzen dira Guerreroren zuzendaritza estilora. Straussen gaztaroko bi lan horiek balio izan zuten zuzendariak kontrasteak sortzeko eta taldeari dinamismo berezia emateko duen gaitasuna erakusteko. Bikain benetan.