1991n argitaratu zuen Bernardo Atxagak Behi euskaldun baten memoriak. Liburuak ibilbide luzea eta arrakastatsua izan du euskaraz nahiz bestelako hizkuntzatan. Alemanian gehien saldutako liburuen artean egon zen, J. Eccleshare editore britainiarrak irakurri beharreko obratzat hartu zuen, gaztelaniaz milaka ale saldu ziren lehen urteetan... Gure artean ere, oso harrera ona izan zuen Mo behiak; lehen bi urteetan 20.000 ale saldu ziren.
Orain, aldiz, badirudi Balantzategi baserri inguruan 1936ko gerraostean jazotakoek ez dutela hainbeste erakartzen euskal irakurlea… nahiz eta nobelak betiko indarra eta balioa izan. Tragedia eta umorea uztartzen dituen kontakizun aparta, behi baten ikuspuntutik gure herriko pasarte ilunaren kontakizuna.
Atxagak bederatzi kapitulutan banatu zituen Mo behiaren gertakariak, Balantzategiko hastapenetatik Soeur Pauline Bernardetterekin dituen elkarrizketetaraino. Orain, aldiz, Pello Varelak idatzi eta Juan Suarezek ilustraturiko eleberri grafiko bilakatuta, zazpi dira eleberriaren atalak, batzuk dexente luzeak, bestetzuk, aldiz, laburrak. Argumentuan ere aldaketatxo batzuk daude… baina nobela izatetik nobela grafikora pasatzean ohikoak dira aldaketak, ezin jatorrizkoak dioen guztia kontatu!
Kolore biziz eta tonu ilunetan, elkarrizketetan jarriz narrazioaren pisu handiena, nobelaren nondik norakoa ederki jasotzen da MO liburuan. Irakurleak berehala ikusiko du bere burua gerraosteko baserri batean murgilduta; Mo behiaren baitan ematen diren eztabaidak jasoko ditu eta, batez ere, La Vacherekin dituen elkarrizketen lekuko izango da.
Askotan komentatu izan da pelikulak liburua irakurtzeko grina itzal dezakeela; bai eta alderantzizko prozesua eman daitekeela ere. Alde horretatik, pozgarria da nobela grafiko hori argitaratu izana. Irakurleari, gozatzeaz gain, Mo behiaren nobelara jotzeko bidea irekitzen dio, horrela gogoeta eta gertakarietan sakontzeko; intriga eta emozioa sentitzeko; hizkuntzarekin jolasteko; eta gerraren eta eguneroko bortizkeriaren ondorioz sufrimendua ezagutzeko… baina, baita ere, umoreaz eta ateraldi barregarriez disfrutatzeko.