argia.eus
INPRIMATU
Izendatzea
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2024ko ekainaren 26a

Sexu-langileen Nazioarteko Egunaren harira, sexu-langilea den kide batek estigma apurtzeko tailer bat eskaini zuen ekainaren 2an. Kideak oinarrizkoa den eta agian horregatik horren presente ez dugun auzi bati heldu zion: gauza bat dela zerbait baimenik gabe egin diezazuten eta beste gauza bat zerbait desirarik gabe egitea; lehena erasoa dela eta trauma sor dezakeela, eta bigarrenak, erasoa ez izateagatik, ez.

Apurtzear zegoen zerbait hautsi zitzaidan barruan nire burua lehenengo egoera horretan ikustean, gertatutakoari izena jartzeko ausardiarik gabe, lotsaz eta utzi didan aztarna zelan kudeatu jakin gabe. Gure gune eta harreman transmaribibolloetan ere ematen direlako erasoak eta biolentziak. Erreparazioa zelan egiten dugun, desidealizatu dut erabat.

Izendatzean egoeraren gaineko kontzientzia hartzen dugu, mingarria da eta beldurra ematen du, baina erreparazioa eta gertatu denaren mailako dolua egitea ahalbidetzen digu. Garrantzitsua da, doluan desegiten eta egiten garelako. Eta berriro ere eskerrak eman sexu-langileei, denoi eragiten diguten gai deserosoak mahai gainean jartzeagatik. Zuen borrokak denok ahalduntzen gaitu.