argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Jolastu herria
Ula Iruretagoiena 2024ko ekainaren 19a

Kalearen eszena irudiz beterik dagoen leku bat bezala agertzen zaigu, hitz eta irudiz osaturik, informazio, iragarpen, publizitate eta mezuekin batera paseatzen baitugu egunero eta uneoro. Kalea euskarri fisiko boteretsua izanik, ikusezko kulturaren sustatzaile izateko, eta izaera hau probesten dute hainbat kaleko festibalek, Getxophotok bezalaxe, aktualitatean dagoena, ekaineko hilabetea eta herrigunea bere egiten dituelako. Nazioarteko deialdira aurkeztutako argazki eta bideo lanen hautaketa baten ondoren, lanok pantailatik kaleko plano fisikora ekarri  eta formatu makroan inprimatzen dira, hainbat ekipamendu publikoren fatxadak trabestituz. Kaleko festibala izaki, fatxadetan eta beste arkitekturetan agertzearekin batera, artisten lanen barne-tripak ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen dira, denda eta tabernetan presente daude eta enkontruak proposatzen dituzte. Kalea egiten da.

Maria Ptqk-ren komisariotzapean, iazko deialdiaren “pause” gaiaren segidan, aurten “play” hitzaren jolas-jokoetan aritu dira hausnarketan. Egunero ematen eta egiten diogu play (ekintza bat), eta ingelerazko erabileran “musika jolasten da”, “rol bat jolasten dugu” eta jolasa ezagutza eskuratzeko bide boteretsua da, txiki eta nagusiontzat, jostatuz serioak diren gauzetaranzko hurbilketa bat egiten dugu, non intuizioak, sinbolismoak eta magiak parte hartzeko irekita gauden. Ikusgai diren lan guztien artean, espazio publikoaren hausnarketara Hayahisa Tomiyasuk egindako ekarpena azpimarratuko nuke: kaleko ping-pong mahai bati kaletarrek ematen dioten funtzio aniztasunaren argazki-sorta bat aurkeztu du, eta bat bera ere ez da ping-ponga. Jolasak espazio publikoan plaza publiko papera hartzeko balioaz ohartarazten digu, jolasa traktore bilakatzen baita jendartea erakartzeko eta zerbitzu bat emateko. Aurrez ezarritako jolas-arauak haustean, kalean jokatzen ari diren beste gai publiko askoren hirigintza-tresna bilakatzen da jolasaren lurraldea!