argia.eus
INPRIMATU
Koherentziaren ordaina
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2024ko ekainaren 19a
Fly Shit eta Brot Bord / Kasba Musik.
Fly Shit eta Brot Bord / Kasba Musik.

Debagoienan izan den hardcore talde bakarrenetarikoa da Fly Shit. Asmo handirik gabe eta egiten dutenean erabat sinistuta; presak estutu gabeko, eta era berean, etenik gabeko ibilbide sendoa daukate bizkarrean. Are gehiago, ez dute inoiz kontzertu txarrik eman, ezta soberako pausorik ere.

Gaztetxeen, etxe okupatuen eta autogestioaren bidean eta testuinguruan beti, hardcorea sasoiko mantentzeaz gain, berau dotoretu eta aberastu dute 30 urteotan egin duten lan bakoitzean.
Abesten dutena bizi dute erabat, eta bizitzak uzten dizkien zirrikituak baliatzen dituzte gustukoen dutena egiteko: grabatzeko eta zuzenekoak emateko.

Lanak eta koherentziak ordaina dute –edo beharko lukete!– eta, nolabait, horren opari gisa hartu dute Brot Bord talde katalanarekin erdibana osatutako diskoa kaleratzea Kataluniako Kasba Musik zigiluak. Biak ala biak lan berria aurkezten dabiltza gustura Euskal Herrian, Katalunian eta bizitzako agendek aukera ematen dieten beste hainbat tokitan.

Pausoz pauso hazten ari da Bergarako laukotea; hardcorean gero eta esparru gehiago arakatzen eta gozatzen ditu. Lan honetan sei kantu berri batu dituzte. Elkarrekin egin dezagun pieza aberatsarekin hasi dute diskoa, zeinak erakusten duen taldeak aurreiritziak aspaldi uxatu zituela, abestiak lau minutu eta erdi pasako iraupena baitu. Post-hardcorearen onena daraman intro berezia dauka, tempo erdiak, eta malenkonia eta ezinaren arteko garraztasuna puri-purian. Jarraian dator Hitzak, eskola zaharreko hardcore-punk azkarra, pasarte melodikoak ere uztartzen dituena. Esnatu lozorrotik-ek badu ia metaleroa duen pisua –neurtua–, eta pieza indartsu bezain jostari egiten duten riff eta erritmo bereziak. Sumina tempo erdiak, ia rapeatuak, eta erritmo askeagoak batzen dituen hardcore pieza da. Eta bukatzeko Fugazi musika talde handiaren Merchandise euskarara irmo ekarrita.
Brot Bord taldea ezin aipatu gabe utzi. Kataluniako beterano batzuek osatutako taldeak melodia nabarmentzen den hardcore-punk-rocka egiten du, malenkoniatsua.