Egin gintuztenen eta geure borondatearen kontra eraiki nahi izan zigutenen oinarria berriro ere indar berritzen ari ote den nago.
Eskolako Kontseiluaren izenean honako baldintza hauek jartzen zitzaizkien, gerraostean, gure herrietara maistra lanera zetozenei, derrigorrean sinatu eta zorrotz bete behar zuten agindu zerrenda hau, lanpostuari eutsi nahi bazioten. Barka itzulpena trakets xamarra bada, neurea baita! Honela dio:
Ez ibili gizonezkoen konpainian; ez ibili hiri erdiko izozki saltokien inguruan; etxean izan arratsaldeko 20:00etatik goizeko 06:00ak bitartean; ez edan garagardorik, ardorik edo whiskirik; ez erre zigarrorik; ez ibili autoan gizonezkoekin, norbere neba edo aita ez bada; ez tindatu ilea; ez jantzi arropa distiratsurik; azpikogona pare bat erabili, gutxienez; ez jantzi orkatila baino bost zentimetro motzago geratzen den soinekorik; eskolako gela egunero txukundu, garbitu eta 07:00etan sua piztu 08:00etan ikasleak datozenerako goxatu dadin; ez aurpegi apaingarri gisara hauts eta ukendurik erabili, ezta ezpainak koloreztatu ere...
Maistrek zigarroak erretzea espresuki debekatua zuten, baina puruak agian erre zitzaketen ala? Montekristoak, esaterako (izen horrekin, gainera, zer kalte egingo du bada?)
Eta neskek ez omen zuten soldadutzarik... Maistrek hori bizi behar bazuten irakaskuntzan (hezkuntzan?) eskarmentua hartzeko aitzakiaz, pentsa 5-14 urte arteko neskatoek zertzuk pasa beharko zituzten! Gainera, zenbait herritan (Azkoitia inguruan, esaterako) etxez etxe txandan izaten zuten bizilekua maistrek (baita Arantzazuko amabirjinak eta santuek ere, bakoitza bere kaxan, ongi zaindurik), eta familiako ohituretan txertatu edo antzerako zerbait egin beharko zuten, eguneroko eta ohiko hizkuntza ere albora utzirik nola batzuek hala besteek.
Haurrak hezteko eginahala ikasten jardun eta lekaime bizitzara kondenatuta, jantziak luze eta mihia motz?! Euskara ezin jakin (gure herrira behintzat Valladolidetik, Palentziatik... etorri ohi ziren) eta huraxe besterik ez zekiten haurrekin elkar-bizi beharra. Giroa estufako beroak soilik goxa zezakeen nonbait!
Baldintzen zerrenda (ahal izanez gero) umorez hartzeko hobea. Egia da, etxean norekin egon ez du zehazten. Ez ibili gizonezkoen konpainian (eta diot, zaindu bereziki gona edo sotana janzten zutenak, jakin ditugunak jakinda). Hiri erdiko izozki saltokien inguruan ezin ibili... besteetan? Ahal zen guztia barrura?! Sagardoa edan zezaketen! Patarra ere agian bai... Zigarroak erretzea espresuki debekatua zuten, baina puruak agian erre zitzaketen ala? Montekristoak, esaterako (izen horrekin, gainera, zer kalte egingo du bada?). Ez ibili autoan... hori ez zegoen jarri beharrik gurean behintzat! Baina, egia da, zenbat emakumezkok zuen (ez autoa) gidabaimena duela laurogei urte?