Mallorca, 1968. Joana Maria Escartin historialaria jaio zen. 1989an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten eta joan den maiatzaren 30ean hil zen jaioterrian, 56 urte zituela, hain zuzen, esklerosi anizkoitzaren nazioarteko egunean.
Ikasketak UIBn (Universitat de les Illes Balears) egin zituen, doktoretza ere han atera zuen eta Ekonomiaren Historia irakasle ere izan zen bertan 1996 eta 2010 urteen artean, gaixotasunak utzi zion bitartean. “Oinaze maila oso altua daukat. Baina oso baikorra naiz eta, min handia izanda ere, 100 ikasleri eskolak emateko gai izan naiz, nire lanari diodan maitasuna indartsuagoa izan delako, ikasleei aurpegira begiratu eta probetxuzko zerbait irakasten niela pentsatzean mina ahazten zitzaidalako”, esan zuen duela lau urte Canal 4 telebistan egin zioten elkarrizketa batean.
Ikasgelatik kanpo, ikerlanean ere aritu zen: 40tik gora lan argitaratu zituen, “lan oso berritzaileak” UIBko kideek adierazi berri dutenez. Nagusiki Balear Uharteen garapen ekonomikoa aztertu zuen XIX. eta XX. mendeetan, industrializazioan, bizi baldintzetan, migrazio prozesuetan eta lan merkatuan emakumeek izandako rolean azpimarra jarrita. Bere burua “feminista, sozialista eta errepublikazaletzat” zeukan, eta PSOEko militante izan zen; iazko maiatzeko hauteskunde autonomikoetan uharteetako parlamenturako zerrendetan aurkeztu zen.
2010ean unibertsitateko lana utzi behar izan zuenean, dibulgazio lanari ez zion uko egin, eta sare sozialetan esklerosi anizkoitzari ikusgarritasun handia eman zion
2010ean unibertsitateko lana utzi behar izan zuenean, dibulgazio lanari ez zion uko egin, eta sare sozialetan esklerosi anizkoitzari ikusgarritasun handia eman zion. Duela hilabete batzuk minbizia diagnostikatu zioten, eta ebakuntza eta tratamenduen berri ere xehe eman zuen.
Aipatutako Canal 4-ko elkarrizketa Espainiako Kongresuan eutanasiaren lege proiektua aurkeztu zen egun berean egin zioten, 2020ko otsailean. “Eutanasia, abortua bezala, norberaren eskubidea da, inor ez dago derrigortua. Eskuindar erreakzionarioek, aurrerapen hauen aurka gogorren egiten dutenek, mina jasan nahi badute, jasan dezatela”. Bizi nahi zuela zioen, zoriontsu zela, “eta espero dut horretara ez iristea eta, iritsiz gero, ingurukoak ez nahastea. Egunen batean nire bizitza amaitzea erabakitzen badut, babestuko nauen lege bat nahi dut”