argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Publikoa ai do!
Diana Franco Eguren 2024ko ekainaren 05

Euskal eskola publikoetan irakasleek sekulako lana egiten dute aniztasuna kudeatzen. Euren lana egiteko modua berrasmatu behar izan dute azken urteetan. Konplexuagoa bilakatu den mundu honetan pertsona izatea zer den esploratzeko laborategiak iruditzen zaizkit eskola publikoak. Irakasleei irudimena ez zaie falta: ikasleak mugituz, nahastuz, harremanak sustatuz... ikasleek mundu ikuskera berriak sortzeko giroak bilakatzen dituzte ikasgelak. Jakin badakigu, ordea, oinarrizko zerbitzu publikoetara sarrera izatea ez dela nahikoa eta garrantzi handia duela harreman esanguratsuak sortzea gizartean modu aktiboagoan parte hartzeko, bizitza hobea izateko. Beharbada ideia horrek gidatuta, ostiralean (maiatzaren 31n) gure eskolan zenbait gurasok inklusioaren eguna ospatu zuten. Guraso magrebtarrek euren sukaldaritzako gozokiak partekatu zituzten, euskaldunek herri kirolak dinamizatu, Sahara azpiko herrietakoek ilea apaindu zieten haurrei, gurpil aulkietan sakibaloi partidu bat jokatu zen… Gelan ematen den nahasketa gelatik atera eta harremanetan ohikoa ez zaizun “bestearekin” hitz egiten hasteko aitzakiak sortu ziren, batez ere gurasoon artean.

Zorionez, aniztasuna hezkuntza publikoaren beste eremu batzuetan bultzatzen ari da, hala nola teknologietan. Azken Moodle Moot Euskadi Topaketan Berritzegune Nagusiak tekno-aniztasunari loturiko berri on bat partekatu zuen: IRADI proiektua, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoei eskainiko dien software librean oinarrituriko online ikasketa plataforma. Oraindik garapen fasean dago, eta tresna guztiak bezala, etengabeko berrikuntza eta lana beharko du ikastetxeen egunerokora behar den bezala egokitzeko. Baina oso berri garrantzitsua da, ikasleen datuak Jaurlaritzaren zerbitzarietan gordeko direlako, eta interes ekonomikoak asetzeko bazterkeria algoritmikoa sustatu dezaketen enpresa pribatuetatik babestuko dituzte haur eta familiak. Era berean, hezkuntza sistema osoa teknologikoki ahaldunduko du. Ekainaren 2an Euskal Eskola publikoaren jaia ospatu zen, publikoa ai do! eta horrela jarrai dezala!