argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Palestina
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko ekainaren 05

Zutabe bat gehiago idaztera eseri, eta Palestina deika sumatzen duzu, baina ezin jakin ondo zer egin. Zerbait esan behar da, nork nahi du isildu. Nori baina. Argiako zer irakurlek ez daki han gertatzen ari dena? Argiako irakurleak badaki gertatzen ari dena, gertatzen ari zena, amorratu da, badaki orain Palestinari estatu bat edukitzeko eskubidea onartzea ez dela nahikoa, ia txantxa bat dela: zeren estatu, egongo da berreraikitzeko zerbait (kontraturen bat) han? Zer orduan dena baldin badakigu? Berriro zutabe zigortzaileren bat ezer egiten ez dugula salatzeko, egin ahal bagenu bezala. Edo horixe bestela, zutabe fatalista bat ezin dugula ezer egin esateko. Esateko, gainera, kapitalismoa estrabagante dabilela mundu osoan, nahi duena eginez, eskuin muturrez mozorrotuta, Mileiz mozorrotuta atzean Macri egon arren, Meloniz, Trumpez (eta horrela Bidenek ez dirudi ultrakapitalista gerrazale bat). Abascalez, eta horrela Pedro Sánchezek ezkertiarra dirudi.

Baina gogoeta horiek guztiak berrogeita piku urterekin egiten ari naiz. Esaldiak “gaur egungo gazteak” esanez hasten dituzten belaunaldikoa naiz. Fatalismora apuntatu, eta txakrak irekitzen ari diren belaunaldikoa. Ez naiz aditua soziologian, eta ez naiz gaztea. Baina beharbada kapitalismoa pasatzen ari da, geure burua ezin jasateraino. Eta gazteek uste dute zerbait alda dezaketela, eta frogatzea erabaki dutela dirudi, eta, agian, orain ez dago indarrik Palestinaren alde asko egiteko. Baina elkartzearen elkartzeaz, aurre egitearen aurre egiteaz, agian, “gaur egungo gazteek”, eguna mugikorrari begira pasatzen omen duten milenial horiek, gorputza jartzen ari direnek sorpresaren bat emango digute. Palestinako sarraskiak balio dezala, gutxienez, horretarako.