argia.eus
INPRIMATU
Den-dena eros ote daiteke?
Iñigo Martinez Peña 2024ko ekainaren 05

Egun, lagunak erosteko aplikazio asko daude: AlquiFriend eta Ameego dira ezagunenak, eta, antza, oso ondo funtzionatzen dute, batez ere Ameriketako Estatu Batuetako hiri handietan. 600.000 erabiltzaile inguru dituzte. 120 dolar norbaiti ordaindu, eta ordu pare batez zurekin joango da nahi duzun jatetxera, erosketak egitera edo paseatzera. Egiten dituzun txisteei gogoz egingo die barre eta izugarrizko arreta jarriko die esaten dituzun gauza guztiei. Eztabaidarik eta desadostasunik gabe zurekin egoteko konpainia. Lagunaren jaun eta jabe izango zara!

Izan ere, merkatuak edozer gauza objektu bihurtu nahi du eta gure esku jarri. Baina posible al da? Ba al dago zerbait merkatuaren atzaparretatik kanpo, eskuraezin?

Agian, egungo bizitzaren merkantilizazioak bi gauza desberdin nahasten ditu: zerbait erostea, haren jabe izatea, eta zerbaitekin erresonantzian egotea. Eta ez datoz bat. Publizistek merkantzien erresonantzia aurreikusi nahi dute, esperientziak saltzen dizkigute. Baina baliteke kontzertu baterako eserlekurik garestienak erostea eta kontzertuak ni ez hunkitzea, ezer ez esatea. Ezin da “gaur hunkituko naiz!” planifikatu, “kontzerturako sarrerak erosi ditut eta horri dagokion bizipena izateko eskubidea daukat! Nola ez dit oilo-ipurdia jarri hainbeste ordaindu eta gero?”.

Egungo gizarteak dena eskura jarri eta denaren jabe egin nahi gaituen heinean, bizipozetik gero eta gehiago urruntzen gaitu. Kontraesan potoloa!

Hori da Hartmunt Rosa pentsalariak ikertutako kontraesana Eskuraezina deituriko saiakera ederrean. Liburua elurteen inguruko hausnarketa batekin hasten da: “Gogoratzen duzu nola bizi izan zenuen lehen elurtea umea zinenean?”. Elurra bat-batean bisitan etortzen zitzaigun, iheskorra zen, ezohikoa, mundua gure esku-hartzerik gabe eraldatzen zuen: ustekabeko opari moduko bat. Eta eskuraezinarekin topo egite horretan datza bizipozaren esperientzia. Zein da, ordea, idazlearen hipotesia? Egungo gizarteak dena eskura jarri eta denaren jabe egin nahi gaituen heinean, bizipozetik gero eta gehiago urruntzen gaituela. Kontraesan potoloa! Baina, egia esan, oso bestelakoak dira jabetzaren edo erresonantziaren logika.

Erresonantzia, hala ere, ez da mundu ikuskera bat, baizik eta munduarekiko erlazio musikal bat… Egun, aldiz, musika leku guztietan jartzeko joera dago: supermerkatuan, itxarongelan edota igogailuan. Gauzek abesteari utzi dioten seinale? Hegoak ebaki dizkiegu eta txori izateari utzi diote? Rilkeren hitzak gogoratuz: gauzen kantua entzutea gustatzen zait, baina gauzak erosten ditut eta mutu geratzen dira.