argia.eus
INPRIMATU
Aireportuak
Castillo Suárez @casti_suarez 2024ko ekainaren 05

Ana María Matuteri irakurri nion behin aireportuetan ematen diren muxuak benetakoagoak direla ezkontzatan ematen direnak baino, eta gauza bera gertatzen dela otoitzekin, alegia, zintzoagoak direla ospitaletakoak elizetakoak baino. Eta hementxe nago ni, Noaingo aireportuan, larunbat goiz batez. Aireportuko soziologia eginez, bi eratako jendea egoten da Madriletik heldu den hegazkinaren zain: Latinomerikatik heldu diren familiartekoen zain daudenak eta aitaren zain –bai, aita esan dut– egoten diren umeak, normalean amarekin. Giltzak eta parkingeko tiketa edukitzen ditut nik eskutan, handik ahalik eta lasterren ateratzeko. Zain daudenean artean, berriz, beti dago eskuz eginiko afixaren bat duena ongietorria emateko. Niri inoiz ez didatela hori egin pentsatu dut, baina bai lotsatu naizela Embassy of Spain afixarekin egon direnean nire zain, ondoko eserlekuan zegoenari kontatu diodanean euskara dela nire hizkuntza, euskal herritarra naizela… Izan ere, muxuen gisan, benetakoagoak al dira aireportuetako afixak?