Palestinako umeek ere galdera hori buruan ote duten pentsatu dut gure liburua eskuartean dudala. Zenbat lo falta ote diren genozidioa amaitzeko. Zenbat haur hil ote behar dituen oraindik Israel estatu sionistak munduko estatuen konplizitatearekin.
Beraien amei luzatuko ote dizkiete galdera horiek? Edo ez dute horiek egiteko beharrik izango, erantzuna badakitelako? Amek ezin erantzunezko galderak direlako? Haur horiek eta beraien amak, eta oro har emakumeak*, ordea, ez dira azalduko historian. Are gutxiago subjektu gisa. Eguneroko istorioetan edo berrietan, berriz, ahaldungabe eta biktima gisa. Beraien egiletza kenduta eta beraien minak, beldurrak, jakina, herri zapaldu batean jaiotzearen ondorio gisa azalduta. Zorte kontua balitz bezala edo, are okerrago, beraien errua balitz bezala.
Zoritxarrez, geuk ere badakigu horretaz, egundaino. Gure haurrak sistematikoki zigortu baitituzte eta eraso baitiete, beraien amek, gurasoek, egindako borrokarengatik, ideiengatik. Klase politikoak eta medioek albo kalteak deiturikoak, kasualitatea izan balitz bezala, baina estatuek eta instituzioek beraiei zuzendutako indarkeria estrukturala da. Motxiladun ume, haur ikusezin eta bidaiariak, berriz, eraso horiek erantzuten eta, Palestinan bezala, bere burua babesteko prest. Haur izatea ez lapurtzeko borrokan.
Gure haurrak sistematikoki zigortu dituzte eta eraso egin diete, beraien amek, gurasoek, egindako borrokarengatik, ideiengatik
Zenbat lo ilustrazio liburuan horietako batzuk azaleratu eta aitortu nahi izan ditugu. Izan ere, borroka horiek lekurik ez dute izan gure liburuetan, gure memorian. Guretik hasi eta haurren ikuspegi eta egiletza, erresistentzia kolektiboa, marraztu-kontatu nahi izan ditugu. Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen haurrak gatazkaren ondorio zuzenak jaso dituztelako, baita horien kontra zuzenean borrokatu direlako ere, beraien erara. Dena debekua den lekuan, maitatzea bera ere delitu bihurtu duten kartzeletan, harresiak apurtzeko imajinazioa eta maitasuna ardatz hartuta. Hitzak, marrazkiak, gutunak, bisitak, besarkadak, erresistentzia bilakatuta eta askatasunaren alde elkarrekin jolastuta.
Horiek, ordea, ez dira landu gabe etortzen. Alabari, haur bati, zail baitzaio espetxeratua duen amari sentitzen duena adieraztea. Elkar babesteko, barruan dituen galderak ez egitea. Bidelagunak eta babesa behar ditu horretarako. “Ez nago bakarrik” esaldiak zaintzaren beharra eta aitortza irudikatzen ditu liburuan. Gutunetako hitz neurtu eta zuzenak ere, errua eta egiletza bere lekuan jarri nahian, ez zaitut abandonatu, banatu gaituzte eta elkarrekin borrokatuko dugu, amatxo, eta euskal preso politiko, iheslari eta deportatu guztiak etxeratu arte!