argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Saldu
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko maiatzaren 29a

Maiatzaren 25ean Aberriaren Eguna izan zen. Argentinan. Bere aberria izugarri maite duen presidentea dute orain han, eta munduan barrena dabil hango berri emanez. Pasa zen Espainiatik ere, “Europa Viva 2024” enkontru satanikora joateko. Barregura ematen zuten haiek, izua sortzen digute orain, asko ari baitira aginte makilak eskuratzen, eta horiekin, hainbat herrialdetako milioika pertsonaren patuak.

Hauteskundeetako momentu batean, eroegi, espantuka, Milei baztertuko zutela zirudien sistemako indarrek; baina ez zen hori, zen Macrismoak irentsi zuela pixkanaka, antisistematzat saltzen zena, sistemarentzat bitamina baino ez zela bai baitzekiten. Milei presidente egin eta ministerioak banatzen hasita, Macriren jendea eseri zen nagusietan, segurtasunean, kasu, aurkari izan zuen Bullrich, eta ekonomian, Luis Caputo. Ekonomia zen Mileiren diskurtsoa ardazten zuena, ekonomia zen bere indargunea, ekonomia aldatzera zetorren, denek nahiko zuten Argentinan inbertitu bera jarritakoan. Eta deuseztatzera zetorren politika tradizionaleko gizon bat jarri diote ministerioan, bera ikuskizunak ematen ari den bitartean, gaixo onkologikoei botikak kentzen, jantokiei janaria... Soberan zegoena kentzen, alegia, jendea, alegia, pobreak.

Entzuten dituzue orain Argentinako gobernukideak? Enpresariekin ia haserre dabiltza, ez dutenez inbertitzen. Munduan zehar Argentinaren dohainak saltzen ibilita ere, ez dute inbertsiorik lortzen. Ezta bertakoenik ere. Zer izango da.

Macrik gobernatu zuen lehen ere. Eta badakigu zer egin zuen. Herrialdea saldu. Ez besterik. Aberriaren egunean traidore batek hartu zuen mikrofonoa, Mileik, jakinda, jakin gabe, berriro herrialdea saltzera datorrena. Nork nahi du Argentina erosi.