Bati fardela aldatzea. Beste bati gorputza garbitu eta ximentzea. Jana atondu eta norbaiti jaten ematea. Norbaiten gorputza oheratu edo ohetik altxatzea. Goitikan ari dela inori eutsi eta hura garbitzea. Horiek guztiak dira zaintzeko lanak. Zerrenda askoz luzeagoa da, nahiz gutxitan egin, entzun edo ikusi halako lanen errolda osoa.
Anitz mintzatzen da zaintza-lanak erdigunean paratzeko beharraz, egiteko horiek agenda sozial eta ekonomikoan nabarmentzeko muntaz, zaintza-lanak emakume-lana izateak eta halako zereginen zein egileen (zaintzaileen) balio-galerak sortzen duten egoera desorekatu eta bidegabeaz.
Anitz mintzatzen gara zaintzaz, baina ez ditugu xehe-mehe aipatzen, banan-banan aletzen, tiletez tilet deskribatzen. Ez behinik behin plazan, ororen aitzinean, ez hedabideetan edo mitinetan.
Hala ere, komeni da egitea abstrakzio usatuei ihes egiteko, bederen, arazoaren azalean harraskatzetik sakoneko erroak ezaugarritzera pasatzeko. Zaintzaren erdigunera iristeko, zaintzak dakartzan zailtasunei heltzeko. Ez nork berean bakarrik, zaintzetan murgiltzea norberari egokitzen zaionean, baizik eta denon artean, komunitate gisa.
Zaintzak ertz mingarriak ditu, eta besteen ahulezia, min eta egonezinei aurre egin beharra ispilu bihurtzen zaigu
Eta bide batez, zaintza-lanen ñabardurak ere plazaratzeko. Ezen ez baitugu inoiz esaten, baina ez da berdin jasaten fardela haur bati aldatzea edo zahar edo ezindu bati, ez gara berdin sentitzen loratzen ari den gorputz berri bat garbitzean edo gainbeheran doan gorputz higatu bat artatzean, arras diferente dira jaten ematea edo goitikan laguntzea artatua nor den: adin txikiko gizakitxoa edo bizitzaren azken txanpan ari den lagun makaldua.
Halako lanak sentitzeko eta eramateko eran ere, generoak agintzen baitu: emakumeok errazago-edo eramaten ei ditugu zaintza-neke horiek, adineko jendeak nahiago du andreek artatzea eta gurasoetan nekez ikusten da gizonak hartzen haurrak zaintzeko. Arrazoiak arrazoi, emazteek eta gizonek jarrera, sentipen eta emozioei aurre egiteko manera diferenteak garatzen ditugu: izuak eta nazkak desberdinak dira gorputzen aje edo minei so egin eta leuntzeko orduan, eta nork bere burua babesteko erak ere bai.
Zaintzak ertz mingarriak ditu, eta besteen ahulezia, min eta egonezinei aurre egin beharra ispilu bihurtzen zaigu, geuk ere inoiz pairatu dezakegun endekapenaren mirail. Tresna psikoemozionalak beharko genituzke, komunak, guztien eskura, bizitzaren alderdi zail horiei heltzeko. Zaintza-lanak (ere) goxatzeko.