(Azken aldi luzean ezin naiz gauez atera, eta arratsaldez ere larri, eta asteburuetan ere ez, eta (jarri zaizue jada ihes egiteko gogoa), marianitoak eta bazkari azkar samarrak izaten dira nire enkontruneak. Konpainiak ondoegi aukeratu behar ditut. Ezin ditut poteoak inprobisatu, Aner Peritz eta Maialen Akizurekin egingo nukeena, kasu, mozkor, nire señora jarioaz aspertzeko. Barkatuko didate maternalismoa (barkatu), baina nik barra batean imajinatu dut hau, eta barra batean andre bati uzten zaio zenbait dibagazio maternalista, idatziz, agian, xelebreagoak direnak).
Biek adierazi dute, Peritzek lehenengo, Akizuk, katean, ihes egiteko gogoa (eta eten dezagun katea, bestela, suizidio nota batean agertzeko arriskua dugu). Eta lehen kolpean, bai, bai, egin ihes, ez pentsatu, pentsatu dut. Nik ere badut gogoa, beti izan dut... Itxoin, itxoin... ez, aiba, pentsatzen jarrita, ez daukat ihes egiteko gogorik (parkean ez banago). Zahartu egin naiz. Eta onerako. Eta Kavafisen hiri hura aipatzeko adina dut. Adina dut esateko beti iristen garela hiri berera, hiri hori barnean daramagulako. Baina, agian, hobe da ondorio horretara iristea, beste hiriren batean. Orain ihes egin nahi ez badut, noizbait egin nuelako izango baita. Adinaren arabera hori ere; Peritz eta Akizuri bizitza birika handiagoz arnasteko gogoa antzematen baitiet (bejondeizuela), nire adinetik gorakoei gaizki kudeatutako iraganak (suizidio noten sukalde). Akizuk, hala ere, ñabartzen zuen amaieran, ihes egiteko gogoa hori dela, ez norabait joatekoa, alde egitekoa bakarrik. Eta ihes egin daiteke turismoa egiteko, edo bidera berriro ez itzultzeko, edo desbideratzeko guztiz. Eta horrek prezioa du. Ni oraindik zigor izugarri baten zain nago, eta jaso ditut batzuk; ez nuke jakingo, barran mozkorturik, zer gomendatu.
Desbideratuz gero, betirako izango dela zaila, eta ez beti ederra. Baina bizirik zaudela. Eta ederra denean, gainera, batzuetan, bakarka dela, hiria zu zeu zarela, zeu hiri oso bat, eraiki baduzu (eta dibortzioak eta pandemiak ez dira amildegi izango). Eta opari hori zeuk egin diozu zeure buruari. Animatzen bazarete, gogoratu hortzen arteko odola garbitzen duzuen hurrengoan. Kalkulatu hurrengo kolperako behar duzuen denbora, ea gero eta gehiago den, edo gero eta gutxiago. Eta, batez ere, eduki inguruan ni bezalako señora noizean behin folklorika, noizean behin ama, noizean behin... bat, Martiniaz odola garbitu, eta bazterretan guatekeak egiteko.