Afaltzen ari zirela entzun zuten ate hotsa. Zeruko izarrek sabbata heldua zela zioten”, horrela hasten da Gaizka Arostegiren nobela labur hau, Gestapoko "zakurrek” Sara eta bere gurasoen etxeko atea jotzen duten unean. Irakurleak ondorioztatuko zuen moduan, Bigarren Mundu Gerran girotutako nobela dugu, 1944ko urtarrilean Ipar Euskal Herrian kokatua, Baionako Santizpiritu auzoan. Gurasoak preso eraman ondoren, Sararen ihesaldia kontatzen du.
Abenturazko nobela historikotzat har dezakegu Txokolat; dramatzat ere bai, baina baita adiskidetasunaren eta konpromisoaren aldeko obratzat ere. Izan ere, Sarak hegoalderako bidean Maddiren eta bi mutilen laguntza izango du, beren burua arriskuan jartzen duten neska-mutilen laguntza.
179 orrialdeko nobela 53 kapitulutan dago banatuta; alegia, kapitulu laburrez osaturiko obra da, eta horrek arintasuna eta bizitasuna ematen dio lanari. Irakurlea egoera, gertakari eta ekintza batetik bestera doa orrietan aurrera egin ahala, eta Sararen larritasunean, salbatzen den ala harrapatzen duten jakin nahian ibiliko da. Hori guztia idazkera zaindu eta biziaz, elkarrizketa ugariz eta deskribapen laburrez osaturik. Ez gaitu, beraz, harritu behar irakurtzen hasi eta gutxira liburuko azken orrietan aurkitzeak.
Gertakari larri horiez hitz egiten dugunean, askotan ahaztu egiten zaigu gure artean ere nazien jazarpena jasan zuten judutarrak egon zirela. XVI. mendean Nafarroatik Baionara aldera ihesi joan ziren haien ondorengoek nazismoaren garaian bueltako bidea egin behar izan zuten.
Alde horretatik, nobela egokia da; bizia, entretenigarria, gure historiaren pasarte gogor bati buruzkoa, baina baita pertsonok dugun txarrena eta onena erakutsi ahal diguna.
Nobelako amaierak irakurlearen irudimena bultzatzen du; amaiera irekia da, Sara Bidasoa ibaia zeharkatzeko prest, “etorkizuna beste ertzean zegoen. Bere zain”. Irakurleak berak imajinatu beharko du nolakoa izango den Sararen geroa… ala idazleak bigarren nobelan kontatu ahal izango du. Hala izango ahal da!