argia.eus
INPRIMATU
Erdi Aroan erditzea
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko maiatzaren 09a
Santa Mariaren Kantigen ilustrazio batzuek ama izateari buruzko informazioa ematen dute. Besteak beste, erditzeko hainbat jarrera ageri dira miniaturetan, esaterako, 17. kantigan (ezkerrean) eta 89.irudian (eskuinean).
Santa Mariaren Kantigen ilustrazio batzuek ama izateari buruzko informazioa ematen dute. Besteak beste, erditzeko hainbat jarrera ageri dira miniaturetan, esaterako, 17. kantigan (ezkerrean) eta 89.irudian (eskuinean).

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste hainbat alorretan ere ekarpenak egin dituzte. Esaterako, amatasunari buruzko informazioa ematen dute, miniatura horietako batzuetan erditzeko hainbat jarrera irudikatu baitzituzten.

Erdi Aroan ama izateari buruzko informazioa urria izan arren, amen zuzeneko testigantza gutxi batzuk ere iritsi zaizkigu: esaterako, badakigu XII. mendeko emakume nekazari batek bere haurrak “nire begietako argia” zirela esan zuela. Eta esaldi hori erabili du Maria Jesus Fuente historialariak Erdi Aroko amatasunari buruzko liburuaren izenburu modura: La luz de mis ojos. Ser madre en la Edad Media (Nire begitako argia. Ama izan Erdi Aroan. Taurus, 2023).

Kantigetan bezala, Ama Birjina zen ama eredua Europa kristauan. Ama Birjinaren bidez, kristautasunak emakumeen gorputzaren kontrola eta pekatu sexualen kondena ezarri zuen.

Abortua eta antisorgailuak ere gogor kondenatzen zituen elizak, baina horrek ez du esan nahi praktikatzen ez zirenik. Garaiko medikuntza tratatuetan abortatzeko hainbat modu jaso zituzten: belar, edabe eta onddo toxikoak hartzea, odol-ateratzeak, muturreko ariketa fisikoa, zama handiak hartzea… Eta metodo are bortitzagoak ere jaso ditu Fuentek liburuan, esaterako, “eraso bidezko abortua, alegia, emakumea jipoitzea fetua hil arte”.

Amaren maitasun eta atxikimendu sentimenduak ere hizpide ditu historialariak. Sentipen horien testigantzak oso urriak dira duela gutxi arte, eta haurrekiko atxikimendu eza haurren heriotza tasa handiari egotzi izan zaio. Baina Maria Jesus Fuentek beste arrazoi batzuk nabarmendu ditu. Nobleziako eta errege familietako amek ez zieten haurrei bularra ematen; inudeak eta zaintzaileak erabiltzen zituzten jaio eta berehala, “amek oinordeko gehiago eman behar baizituzten lehenbailehen”. Eta emakume pobreen kasuan ere haurrak abandonatzea ohikoa zen, nahikoa denborarik eta baliabiderik ez zutelako. “Hori gaur ere gertatzen da”, dio Fuentek, “emakume askok ezin dituzte haurrak zaindu beren testuingurua dela eta”.

Oro har liburuak nabarmentzen du, orainkeria baztertuz gero, amatasunari, erditzeari, abortuari edo haurrak zaintzeari buruz dauzkagun kontzeptu askok Erdi Aroan dutela oinarria, eta kontzeptu horiek gainetik ezin astindu gabiltzala oraindik.