Gaztetxotan Eskorbutin itxura hartzen nion arren, Aramaion jaiotako Antton Carreterok beti izan du begirada luzeagoa: punka bai, jakina, eta kinya bada hobe, baina beste estilo askori erreparatzen die aurreiritziei paso eginda; canallagoei, sentikorragoei… Horiek guztiek laguntzen diote barne destroyerra eta miseriak azaleratzen.
2019an hasi zen barruko –eta gizarteko– mamuak hitzetan hustu eta musikatzen; eta poliki-poliki taldea osatzea lortu zuen Guillek baxuan eta Barba-k (Los Cretinos) baterian lagunduta. Baina pandemia tartean eta Antton beste hainbat proiektu interesgarritan murgildu ibili denez, (112, Chulería Joder!) El Volquete utzita izan dute luzaroan. Hala, fundamentua egin eta urtea pasatxoko epean hiru disko grabatu ditu Anttonek; azkena, honako hau. Entsegu lokalean bertan, eta Mikel Arriaran Arri-ren –Never Surrender, Arkada Social, Des-Kontrol– gidaritzapean, zazpi kantu egin dituzte, eta hala, taldearen NO-DO propioa plazaratu.
Zalantzarik gabe, itxaronaldi luzeak merezi izan du. Hitzek eta ahotsak garrantzi handia daukate, ohikotik aldendu dira, erdi tempoak gustuko dituzte, eta asko dira Anttonek irudimenez eta kaleko ahots gisa oka egindako perlak: Somos polvos y calendarios, Ir al bar no es militar, Tus abrazos van a ser mi mortaja…
Te lo juro por mi libertad gizarteari okada garratza da, gitarra ilun distiratsuak eta erdi tempoak, zeinak tartean 1977ko punkarekin uztartzen dituen. Mierdas de la TV biziagoa da, aldaketa askorekin, eta La URSS zein Biznaga taldeen tankerako post-punk gitarrak ditu; hit!-a. Ir al bar-ek pub-rocka, rock-and-rolla eta parranda usaina dakartza. Cinco autobuses de segunda mano ere itzela da, punk-rock indartsu eta irmoa, itsaskorra ere bai. Sección de congelados da rock curriqui-a, kalekoa eta bizia. Mortaja, aldiz, punk siniestroaren esentzia, kokteleran Paralisis, Lords of The New Church eta Gabinete Caligari-ri keinu egiten diona. Bukatzeko, Las perreras, gaiztotzen eta garrazten den balada rockeroa da.