argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea
Ula Iruretagoiena 2024ko maiatzaren 02a

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa, zer-pentsatuko-dute beldurra aktibatzen dute. Zikina, desordenatua edo kanporako sortu dugun pertsonaiaren ezaugarriekin bat ez datorren zerbait da; ez-da-erakusgarria ulermena ematen diogun guztiaren kaxoian sartzen duguna. Ezkutuan gorde beharrekoa, badaezpada. Lotsagarria kontsideratzen dugun espazioan ni-neuk edota oso gertukoek bakarrik izango dute sartzeko baimena, eta sentipena da babestu egin behar direla ez-etxeko jotzen ditugunen begirada edota epaiketatik. Batzuetan giltzapeturiko espazioak izan daitezke inkluso. Baina irekigarriak egiten direnean, zeharkatze-esperientzia bat gertatzen da, entitate bereziko espazio batean barneratzen ari garelako, sakontasuna duen txoko bat.

Paul Preciadok Pornotopia liburuan dio, Playboy aldizkariak sortutako emaztegabeko maskulinitatearen apartamentuan, intimitaterako eta gizonaren pribatutasunerako etxeko bi txoko gordetzen zirela: bulegoa eta komuna, eta Preciadoren irakurketan, garuna eta uzkiaren espazio-adierazpenak dira hauek. Eta domestizitate publikorako sortutako sukalde, egongela eta ohe teknologizatua, eskua, begiak eta zakila dira. Esanguratsua.

Intimitate espazioak intimitate esferak dira, eta matrioska baten moduan osatzen direla ematen du: gorputzaren zenbait gune besteak baino intimoagoak sentitzen ditugu, gure gorputzaren inguruko espazioa ere babesteko beharra suma dezakegu, gureak diren objektuekin bezalaxe, eta etxeko gure espazioekin edo bizi gareneko lurraldeko lur-zatiekin, berdin. Esfera espazio hauek elastizitatea dute handitu eta txikitzeko, gogortu eta desegiteko, egunaren eta egoeraren arabera, forma desberdinetako intimitate arkitektura bat.