argia.eus
INPRIMATU
Aiztoa erakutsi!
Xalba Ramirez @xalbaram 2024ko maiatzaren 02a
Txopet / Nahiz eta jausi / Airaka, 2023.
Txopet / Nahiz eta jausi / Airaka, 2023.

Autotunea eta rocka nahastea izango da zakilzaharrentzat sakrilegiorik handiena: “Tranpa” dela, hori musika ez dela, edonork egin dezakeela. Musikariek badakite, ordea, gitarra elektrikoari efektu pedalak kenduz gero, zatarra eta, batez ere, zaila dela jotzeko. Alegia, teknologiak tresna bat gehiago direla.

Bilbotik datoz Txopetekoak, haien lehen lan luzearekin –lehendik EP bat kaleratu zuten–, eta lehen itxuran, pop-rock-tuneatua egin dute. Adiago entzunda, baditu garagearen zikinkeriak eta punkaren jarrera. Baina ororen gainetik badute, iluntasuna performatu arren, poztasun eta bizipozetik nahikotxo. Madeleinekoek erabiltzen duten etiketa datorkie ondo baino hobeto: poz rock.

Animalia batzuen moduan jaten dute eszenatokia Txopetekoek. Mikrofonoaren sartu-aterak, baxuaren riff erasokorrak, bateria sinple bezain indartsuak... Andoni Barinaga-Rementeriak (bateria) eta Iñigo Guemes Wemes-ek (baxua) beti gauza bera esaten dute: “Eszenatokira igotzen garenean, ez dakigu zer gertatuko den... Tira, ez dakigu zer egingo duen Jonek!”. Taldea talde den arren, Jon Fernandez gitarra-jotzaile eta abeslaria delako anabasaren erantzule; taula jaten duen piztia eta ehiztaria.

Aiztoa Erakutsi-n, handik eta hemendik bildutako piezak jaso dituzte, eta hasiera batean ez dirudi disko kontzeptuaren estetikan gehiegi pentsatu dutenik. Azaleko mamuen zoologiko koloretsua horren adierazle da. Baina kanta eta kanta artean nabigatzen hasita, denek dute arima berbera: riff indartsuak, energia eta melodia bizi-biziak. Kontzertuetan errepikak saltoka abestekoak, badakizue: “Nahiz eta jausi, behin eta berriz, aiztoa erakutsi!”.

Nik ez dakit zertarako dituen jendeak managerrak, eta zergatik uzten dieten idazten. Airakak honela definitzen du taldea: “Entzulea hotz utziko ez duen soinu-proposamen post-millenniala”. Eta, nago, artikulu honen hasieran bezala, denbora daramagula berri izateagatik barkamena eskatzen eta azalpenak ematen. Uste dut dela euskal kulturaren ekosistemak ez duelako eztabaidarako espaziorik, ezta ohiturarik ere.

Bada garaia taldeengana hurbiltzeko, estiloez eta teknologiez egiten duten erabileratik pixka bat harago joateko. Betikoa errepikatzera nator: nondik egiten den eta norentzat. Hori da eztabaida interesgarri bakarra. Txopetekoek badakite, eta doazen lekura doazela irabazten dituzte bihotzak. On puska batzuk direlako, eta barru-barrutik ari direlako.