argia.eus
INPRIMATU
‘Talentua’, modako hitza
Kimetz Arana Butroe @7ardi 2024ko apirilaren 24a

Asko aipatzen da politika, ekonomia eta enpresa munduan. Talentua teknologia berriak aplikatu eta zabaltzeko motorra da, ezagutza eta berrikuntza ardatz dituen gaurko gizartean. Gainera, lurralde baten lehiakortasunaren, etorkizunerako egokitzapenaren eta garapen ahalmenaren neurgailu ere bada.

Horregatik, talentua zabaldu eta sustraitzeko xedean unibertsitate eta lanbide heziketan formakuntza tekniko berriak diseinatu eta eskaintzen dira, lehendik ezagutzen ez genituen arlotan. Era berean, teknologia jardueretarako guneak sortu eta formatutako langileak tokian gelditzeko baldintzak sortzen saiatzen dira bateko zein besteko administrazioak.

Gaztaroan oinarrizko heziketa zein batxilergoa bukatu eta ikasketa bat aukeratzeko orduan normala da dudak izatea. Hala izan ginen gu eta horrela dira orain asko. “Datorren urtean zer?” galdetuta, “ez dakit baina oposizioak...” diote. Berdin liburuzain, irakasle, atezain, ertzaingai, administrari edo basozain. Funtzionariotza helburu, lepo dago herriko liburutegia.

Bizkaiko lantegi handien kulturan gazte bat lanean hasitakoan gure aitita-amamek “ya se ha colocado” esaten zuten, bizi guztirako postua lortu zuelakoan. Ildo berean, lanarekiko interesaren gainetik, ordutegien erosotasuna, lanpostua mantentzearen segurtasuna edo, batzuetan, lanarekiko ardurarik hartu nahi ez izana dira funtzionariotza aukeratzeko argudiotako batzuk.

Berdin liburuzain, irakasle, atezain, ertzaingai, administrari edo basozain. Funtzionariotza helburu, lepo dago herriko liburutegia

Enpresa munduan, aldiz, gero eta ohikoagoa da pertsona batek bizitzako aldi desberdinetan lanez edota, areago, sektorez aldatzea. Joera hori indartuko dela dirudi.

Hortaz, lan berri baterako egokitzapenak dakartzan zailtasun eta ahalegina nabarmentzen dituzte zenbaitek. Besteek, ordea, epealdi ertainetan lanez aldatzeak bizi guztirako lan errepikakorraren aurrean osasun mentalerako onura dakarrela diote, pertsona gustuko arloan ari denean bereziki. Nolanahi dela, egoera berrira errazago egokituko da talentuduna.

Lan tradizionaletan beti izan dira profesional artistak. Aurrean duten arazoa aztertuta konponbide estetiko eta funtzionalak bilatu dituzten nekazari, igeltsero, arotz, sukaldari, tornulari eta abarrak. Beren arloko ezagutza teknikoez gain haien trebeziak garatzeko beharrezko izan zaizkie behaketa, laneko autonomia, ikuspegi zabala, prozesuak hobetzeko nahia eta bere arloarekiko grina.

Beraz, talentudun jendartea sortzea badugu helburu jakitate teknikoez gain, beharrezko da eskola, herri eta enpresetan lehen aipatutako ezaugarriak lantzea. Prozesu berria diseinatu duen ingeniaritik leihatilako funtzionarioraino, talentuz, gogoz eta bokazioz.