argia.eus
INPRIMATU
Puccini: gogokoen artean gogokoena
Montserrat Auzmendi del Solar 2024ko apirilaren 26a

Maiatzaren erdialdean OLBEk bere opera ederrenetako bat, La Bohème, eskainiko digula aprobetxatuta, eta aurten bere heriotzaren mendeurrena betetzen dela kontuan izanda, Giacomo Pucciniren azalpen biografiko/artistiko bat ezinbestekoa dela uste dut.
Jakina, opera maite dutenen artean, Puccinik leku nabarmena du, baina musikagile honen gauzarik interesgarriena da bere musikak benetan hunkitu eta ukitu egiten dituela printzipioz arte horrekiko interes berezirik ez duten pertsonak. Operak aspertu egiten dituela aitortzen duten pertsona asko ezagutzen ditut, baina, hala ere, pertsona horiei oso hunkigarriak iruditzen zaizkie, besteak beste, Madama Butterfly, La Bohème eta Turandot operetako pasarte batzuk.

Hau da, Puccini mundu guztiaren bihotzera iristen da, eta horrek badu arrazoia. Luccan (Toscana, Italia) jaioa 1858an, operako verismoaren azken ordezkarietako bat da konpositorea, literatur naturalismoan jatorria duen mugimendua. Hala ere, Puccini verismo horretatik aldentzen da nolabait, eta askotariko eraginak ditu: miretsi zuen Richard Wagnerrena, Bizet edo Massenet konpositore frantsesena. Haiei esker lekuen eta historiaren kolore bereziak kontu handiz islatzen ikasi zuen. Izan ere, Pucciniren ezaugarri nagusia garai bakoitzeko giro historikoaren berreraikuntza musikal bikainak egiteko gaitasuna da: Turandot-en Txina, Madama Butterfly-n Japonia, West-eko fanciulla-n Amerikako Estatu Batuetako Mendebaldea, Manon Lescaut-en eta La Bohème-en Paris, Tosca-n Aita Santuaren Erroma eta Gianni Schicchi -n XIII. mendeko Florentzia. Testuinguru eta giro horiek guztiak ezin hobeki islatuta daude bere lanetan.

Puccinik publikoarengan duen eragina azaltzeko, horri guztiari gehitu behar diogu bera oso nortasun bereziko konpositorea izan zela. Bere garaian, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, abangoardia musikalak hasi ziren, eta berak hortik alde egin zuen. Publikoarengan pentsatuta konposatzen zuen, antzezpenak asko zaintzen zituen, eta bere lanen birak mundu osoan jarraitzen zituen.
Kritika musikalak komertziala zela esaten zuen, nolabait, eta ez zuten gehiegi estimatu. Leporatzen zitzaion bere musika ez zela ez italiarra, ez errusiarra, ez alemaniarra, ez frantsesa. Ezta behar ere. Beharbada bere asmaketa inportanteena bere eklektizismoa izan zen. Hizkuntza eta kultura musikal desberdinak trebeki bereganatu eta sintetizatzen zituen.

Koktel hori guztia eta askoz gehiago izan zen Puccini. Ez galdu La Bohème datorren hilabetean.