argia.eus
INPRIMATU
Propagandarako tresna berria Ukrainan
Axier Lopez @axierL 2024ko apirilaren 24a
Argazkia: Emile Ducke - The New York Times

Ukrainako gerraren benetako izar bihurtu dira droneak, baina ez hainbeste ohiko gudu-zelaian, baizik eta gudari ere badagokion baina oso bestelakoa den eremu batean: gerra-propaganda. Moskuk eta Kievek erabiltzen dituzte tripulaziorik gabeko hegazkinek grabatutako bideoak beren gerra informaziotik elikatzeko eta herritarrengan eragiten saiatzeko beren interesen arabera.
Sare sozialetan, Telegrameko taldeetan eta, oro har, Interneten, Ukrainako eta Errusiako armadek eta soldaduek dronen grabazioak zabaldu dituzte. Etsaiak egindako suntsipena erakusten duten irudiak dira, erabat birrindurako hirien bideoak, edo arerioaren morala txikitzeko egindako eraso “arrakastatsuak".

Bideo batzuetan ukrainar droneek errusiar armadaren walki talkieak lapurtzen dituzte, etsaien lerroen atzean eroritako drone batzuk erreskatatzen dituzten droneak ere badira, drone txikiak tanke baten barruan granadak jaurti, urrundu eta leherketa grabatzen dutenak, drone kamikazeen jaitsiera hilgarria... Oso egoera errealak dira, eta, gogorrak izan arren, oso propagandistikoak. Horren erakusgarri, paradigmatikoa da 2022ko amaieran zabaldutakoa. Ukrainako armadak bideoa zabaldu zuen errusieraz, etsaiei azaltzeko nola errenditu drone baten aurrean. Bideo biral horretan, Bajmut ondoko lubaki batean grabatua, soldadu errusiar bat ageri da drone bati keinuka tiro egin ez dezan. Ondoren, beste drone baten bidez armada ukrainarrak soldadu errusiarrari helarazten dio errotuladorez idatzitako ohar bat, ondokoa dioena: "Amore eman eta jarraitu droneari". Segituan, soldadua errenditu, arma askatu eta droneari jarraitzen dio ukrainar indarrengana heldu eta preso hartu arte.

Ukrainak ere drone txikiak erabilita zibilen aurkako erasoak egin ditu Errusiako hainbat lekutan. Militarki eraso hutsalak dira, baina egiazko helburua eraso horiek grabatu eta propaganda gisa zabaltzea da. Hala, Errusiako gizarteari gogorarazi nahi diote gerran daudela eta haiek ere, frontetik milaka kilometrora egon arren, "helburu militarrak" direla.

Gerraren ikuspegi subjektibo eta gertuko hori, hain modu masiboan erabiltzea gerra honen berritasunetako bat da. Honezkero ez zaigu deigarri egiten Internetera sarbidea duen edonoren eskura milaka bideo izatea, gerra-frontean berean eta ia zuzenean grabatuak. Propaganda beti izan da arma nagusietako bat guduetan, eta gaur egun inoiz baino gehiago.