argia.eus
INPRIMATU
Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko apirilaren 23a
Argazkia: The British Library Board

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan, matxinadak matxinada, administrazio eraginkorra antolatu eta sistema feudala zorrotz ezarri zuen Gilenek. Koroak Britainiar Uharteetako lurren jabetza aldarrikatu zuen eta erregeak lurrak zatitu eta normandiar noble leialen artean banatu zituen.

Kevin Cahill ikerketa kazetariak Britainia Handiko lurren jabetzari buruzko ikerlana argitaratu du berriki: Who Owns Britain (Nor da Britainia Handiaren jabea). Eta bertan dio Britainia Handiko populazioaren %1ek baino gutxiagok duela Erresuma Batuko eta Irlandako lurren ia %70aren jabetza. Zehazki 160.000 familien esku dago lurren %66; bestela esanda, populazioaren %0,3 da Britainia Handiaren bi herenen jabe. Eta familia horien artean gehienak Gilen Konkistatzailearen armadako nobleen oinordekoak direla ikusi du Cahillek ikerlanari esker.

Gobernuak, sistema ekonomiko eta politikoak etengabe aldatu dira mila urtetan, baina ondasunak gutxi batzuen esku iraun du, hau da, sistema berriek banaketa desorekatu zaharra indartu besterik ez dute egin

Gobernuak, sistema ekonomiko eta politikoak etengabe aldatu dira mila urtetan, baina ondasunak gutxi batzuen esku iraun du, hau da, sistema berriek banaketa desorekatu zaharra indartu besterik ez dute egin. Eta, esan bezala, lurjabe gehienak oraindik aristokraziako kideak dira, baina gainera Ingalaterrako Eliza, errege-etxea eta zenbait enpresa handi ere lurjabe nagusien artean daude. Horrez gain, Cahillek hainbat oztoporekin egin du topo ikerketan ari zela eta azpimarratu du lurren jabetzaren inguruan gardentasun falta handia dagoela. Lurren Erregistro ofizialetik kanpo daude oraindik hainbat jabetza.

Cahillek dio gai hau interes historiko hutsetik haratago doala, ez dela soilik arazo etikoa, eta ondorio politiko, ekonomiko eta sozialak dituela. Alegia, duela mila urte Gilen erregeak egindako banaketak gaur egungo arazo askori eragiten diela: etxebizitzen krisiari, ingurugiroari, desoreka sozialari…