argia.eus
INPRIMATU
Duda-muda
Edu Zelaieta Anta 2024ko apirilaren 24a

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen da, egun horretan behintzat, erlijioa hezkuntzaren eskubidearen gainetik dagoela. Beraz, egin dezatela nahi dutena familia horiek, baina nik falta jarriko diet etorriko ez diren ikasleei.

Ezin duzu hori horrela egin –eman zion kontesta zuzena ikasketaburuak–. Izan ere, bada lege bat, Espainiako Erresuma izeneko eremu juridiko honetan, horretarako aukera ematen duena: estatuaren eta Espainiako Batzorde Islamikoaren arteko lankidetza-akordioa. Bertan –ikasketaburuak burua ordenagailura biratuz– hauxe zehazten da: “Ikastetxe publikoetan nahiz pribatuetan ari diren ikasle musulmanek ez dute eskoletara joan beharrik izango, ez eta azterketak egin beharrik ere, erlijio-jaiegunetan, beren kabuz edo guraso-ahala dutenek eskatuta”.

Eta mudan jarraitu zuen dudak, beste baten ahotik: badakizu lege horrek, edota konkordatuak, zerbait ote dion ikasleak sexu-hezkuntzaz edota hezkidetzaz salbuesteko aukeraz? Zeren eta lehengoan…