argia.eus
INPRIMATU
Aitona hil egin da?
Xabier Etxaniz Erle 2024ko apirilaren 26a
Aitona Floren / Karmele Mitxelena / Irudiak: Jokin Mitxelena / Elkar, 2024.
Aitona Floren / Karmele Mitxelena / Irudiak: Jokin Mitxelena / Elkar, 2024.

Karmele Mitxelenak Marrubizko uda ipuina argitaratu zuen Xaguxar bilduma honetan 2022an. Liburu hartan, neska-mutiko batzuen udako abenturak kontatzen ziren. Orain, aldiz, Aitona Floren liburua istorio askoz barnekoiagoa dugu, Danel mutiko protagonistaren ikuspuntutik kontaturiko istorio hunkigarria.

Danel aitonaren zain dago eskolako atarian. Beti etortzen da bila, baina oraingoan asko atzeratzen ari da, eta hotz handia egiten du. Danelek presente ez dagoen aitonari hitz egiten dio: “Jo, aitona, Ipar Poloan ere ez du horrelako hotzik egiten. Ehun mila milioi aldiz esan dizuet etxera bakarrik itzul naitekeela”. Horrela hasten da hizketan; horrela hasten da liburua. Eta, ondoren, Danelek aitonaz, honen txakurraz, eta aitonarekin duen harremanaz ari zaigu, harik eta etxera bakarrik abiatzea erabakitzen duen arte. Bidean fruta-dendako Eduk esango dio aitona anbulantzia batean eraman dutela ospitalera.

Aitonaren heriotzaz eta doluaz ari zaigu egilea liburuko hurrengo kapituluetan, nola ikusten duen Danelek aitonaren heriotza, tanatorioa, errautsak, aitonaren etxera eginiko bisita… Oso modu goxoan, haurren ikuspegitik, kariñotik eta egunerokotasunetik. Horretan lagungarria da liburuaren egitura, hamabi kapitulu laburretan, bakoitzean gertakari bat, kontakizun bat, gogoeta bat azalduta.
Baina horretaz guztiaz gain, liburuan badira beste kontu batzuk zeharka agertzen direnak: familia monoparentala, aitona-amonen laguntza haurrak zaintzen, guraso eta seme-alaben arteko harremana… Hots, gure eguneroko gizarteaz gogoeta egiteko aukera eskaintzen diguten kontuak.

Jokinek bere estilo ezaguneko ilustrazioen bidez, eta Karmele Mitxelenak narratiba zaindu eta zehatzaren bidez, liburu gomendagarria eskaintzeaz gain, arazorik gabe irakurtzen eta istorioan berehala barneratzen zaituen obra egin dute. Kontu askori buruz ari dena, baina, batez ere, irakurlea hasieratik amaierara iritsi arte istorioarekin jarraitzera animatzen duen obra. Pena, irribarrea, malkoak, eta une hunkigarriak bizi ditu irakurleak liburuko 60 orrietan zehar, baina sentimendu horien guztien gainetik bat gailentzen da: maitasuna. Danelek aitonari dion maitasuna.

Argazkia: Txalaparta.