argia.eus
INPRIMATU
Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko apirilaren 17a

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an Nathan Gazakoarekin topo egin eta haren bultzadari esker, jarraitzaileak izaten hasi zen eta oso tarte txikian mugimendu mesianikoak ia Europa osoa hartu zuen, Veneziatik Poloniaraino. Judutarren historian izandako mugimendu mesianiko garrantzitsuenetakoa bihurtu zen.

Baina hurrengo urtean, 1666an, otomandarrek atxilotu zuten Zevi eta mesias judutarra islamera aldatu zen. Bada bertsio bat emakume musulman batekin maitemindu zelako aldatu zela dioena, baina aditu gehienek diote bizia salbatzeko egin zuela.

Christopher Hitchens (1949-2011) kazetari eta historialariak 2007an argitaratutako God is not Great (Jainkoa ez da ona) lanean zioen "bere jarraitzaile sutsuek beste erlijio bat sor ez zezaten" erabaki zutela Zevi ez hiltzea. “Visirraren jauregian, Mesiasari galdetu zioten naturaz gaindiko epaiketa jasotzeko prest ote zegoen. Gorteko arkulariek jomugatzat hartuko zuten, eta, zeruak geziak desbideratuz gero, benetazkotzat joko zuten. Probari uko egiten bazion, paldoan sartuta hilko zuten. Dilema baztertzea nahiago bazuen, benetako musulmana zela baieztatu eta bizirik utziko zuten”. Eta zevik azken aukeraren alde egin zuen.

Haren atzetik joateko dena utzi zuten milaka jarraitzaile, noraezean eta traizionatuta geratu ziren. Baina gutxi batzuek Zeviren atzetik jarraitzea erabaki zuten Islamerako konbertsioa beren sinesmenetan txertatuz. Hiru mende eta erdi geroago, Turkian oraindik badira haren jarraitzaileak. Hitchensen hitzetan, "Turkiako sekta sinkretiko txikiak, dönme izenez ezaguna denak, judutarrekiko leialtasuna gordetzen du praktika erritual islamikoaren azalaren barruan".

Hitchensek Sabbatai Zeviren kasua erabili zuen erlijioen sorreraz pentsatzen zuena azaltzeko. “Absurdua da gaur egun milaka milioi pertsonek duela 1.300 edo 2.000 urte basamortuan bizi izan ziren profeta batzuen aginduak jarraitzea”.

Bere ustez, erlijio horiek gaur egun nagusi dira profeten gaitasun politikoari esker, beren jarraitzaile eta apostoluen pertseberantziagatik eta, azkenik, zoriak, halabeharrak hala nahi izan zuelako. Sabbatai Zevi beharbada ez zen politikari trebea izan, eta zoria ere ez zuen lagun izan, baina ezin da ukatu bere jarraitzaile batzuk, kontraesanak kontraesan, eta absurdua absurdu, bere inguruan erlijio bat sortzen tematu zirela.