argia.eus
INPRIMATU
Mecaner ez itxi!
IƱaki Barcena 2024ko apirilaren 17a

Euskal autogintzaren industrian gertatzen ari den adibide esanguratsu batekin natorkizue. Duela urte erditik (2023-09-01), Mecaner Urdulizko (Uribe Kosta) autogintzako trokelgintza enpresako 148 langile euren lanpostuak galtzeko zorian daude. Enpresa bideragarria da eta produkzio eskariak ditu, baina Stellantis automobilgintzako multinazionalak lantegia ixtea erabaki zuen, produkzioa Txinara eramateko.

Stellantis. Multinazional erraldoi horrek hiru talde ditu bere barnean: FCA Italy (Fiat, Abarth, Alfa Romeo, Lancia, Maserati…) FCA US (Chrysler, Dodge, Jeep, Ram Trucks…) eta Groupe PSA (Peugeot, Citroën, DS Automobiles, Opel, Vauxhall Motors...). Bai, auto marka horiek guztiak korporazio multinazional bakar baten eskuetan daude. Euren datuen arabera, 281.595 langile zituen 2021eko abenduan eta urte berean 15.428.000.000 euroko irabaziak aitortu zituen. Diru gehiago irabazteko, Stellantis-ek Mecaner itxi nahi du, langile batzuk beste lantokietara bidali eta kaleratzeak kalte-ordainekin konpondu. Merkatuaren lege gordina!

Trantsizio ekosozialak eragileen arteko lehia dakar. Eta egun gertatzen ari den aldaketa multinazionalak eta elite ekonomikoak gidatzen ari dira

Alternatiba ekosoziala. Enpresa komiteak Urdulizko Udalari (EH Bildu) eskaria egin zion ikerketa bat egiten laguntzeko, enpresaren bideragarritasuna aztertzeko irizpide ekosozialekin. Helburu garbi horrekin, langileen etorkizuna eta eskualdeko enplegu duin eta iraunkortasun sozial eta ekologikoaren aldeko apustua egin da.

Produkzio eraldaketa baten aldeko plana gauzatzea ziur ez dela erraza izango, baina esperientzia eredugarria izan daiteke oso, etorriko diren beste gatazka industrialen aurrean. Alternatiba ekosozialak produkzio-prozesua eraldatzea dakar. Idatzitako planak lau produktu desberdinen aukerak ematen ditu. Horretarako makineria egokia, langileen prestakuntza eta kapitala (publiko zein pribatua) beharrezkoak dira… baina, batez ere, indar sozial nahikoa, plan alternatibo hori bultzatzeko.

Trantsizio ekosozialak eragileen arteko lehia dakar. Eta egun gertatzen ari den aldaketa multinazionalak eta elite ekonomikoak gidatzen ari dira, kapitalaren logikan eta gizartearen gehiengoaren aurka. Horregatik, mugimendu sindikal eta ekosozialen arteko aliantza indartsua eratu beharrean gaude, administrazio publikoei eta agintari politikoei eskatzeko planaren babesa egin dezaten. Batzuek esango digute hori “merkatu eta kapitalismoaren logikan jarraitzea” dela, baina etorkizun justuagoak irudikatu eta metamorfosi ekosozial justuagorako norabidea posible dela erakusteko urratsak ematea ezinbestekoa dugu. Mecaner ez itxi!